Hala esaten genuen solfeoko klasetan, hala pianoko partiturak irakurtzerakoan. Findécursó edo frenómanó bezain natural. Guk, euskaraz ernaldu gintuztenok. Guk, sortzetik burmuina euskararen gramatikaren egituretara moldatu genuenok. Guk, oraindik ere, Euskal Herrian Euskaraz kantuaren notekin sabelean estutasuna eta begietan malkoak sentitzen ditugunok. Guk, hizkuntza gure gorputzaren apendizetzat ulertzen dugunok, komunikazio-tresna soiletik askoz harago. Guk, kúrtina edo ábrigua esaten zuten amonen bilobok.
Gure ahotik ateratzen ziren (dira?) tia, tio, sinmas, nipala, nomejodas, enplan eta enparauak. Hizkera kolokial sendo eta bizi baten faltan, gure gaztetasuna linguistikoki nolabait markatzeko beharrari erantzungo zioten makulu moloiak. Talde baten parte sentiarazten gintuztenak, haurretatik eta helduetatik aparte. Buatxabal.
Orain, kalean, barra-barra entzuten dizkiet halakoak gazteei. Bro esaten diote elkarri, hitzetik hortzera; neskek* ere bai, aizu. Esaldiaren edozein tokitan kokatzen dute hitza. Listu-guruinak eta aurpegiko giharrak nekatzen dituzte, beharrezkoak ez diren konjuntzioak txertatuz, eta azalduz hori dela como modan dagoenari jarraitzea. Eta, nik uste dut, hori, bere horretan, ez litzatekeela arazo.
Berez, osasun eta bizitasun adierazle baita ingurukoak diren mintzairak elkar kutsatzea. Mailegatuko ez bagenu, akaso fosil linguistiko baikinateke. Begira, bestela, tipulari, denborari, liburuari, loreari edo gorputzari; ea nork esango digun orain gureak ez direnik.
Kontua da, beste aldarte, gihar, sendotasun eta pultsu batekin jarriko ginatekeela bro eta sis guztien POVetan, gure hizkuntzaren larrialdi-egoera mugatuko balitz mailegu eta makulu kolokialetara. Ez balitz errealitate bat belaunaldi berrietako euskaldun askok hamahiru hitzetik bederatzi espainolez ahoskatzen dituztela lagunartean, nahasian, alderrai, diskurtsoan barrena zein hizkuntza darabilten oso argi ez daukatenen tankeran. Kontua da, non dagoen muga, beste hizkuntzetatik interesgarri zaizkigun terminoak modu osasuntsuan hartu eta erabiltzerakoan; non bukatzen den bizitasuna, non hasten galbidea.
«Saiakerak saiakera eta garaiak garai, ezin izan da gazte hizkera erakargarri bat zabaldu eta ezarri komunitate gisa»
Saiakerak saiakera eta garaiak garai, ezin izan da gazte hizkera erakargarri bat zabaldu eta ezarri komunitate gisa. Akaso, nik gurasoen gelan elkarrizketa hura entzun nuen garaian, errazagoa zen gazte bat fikzio eta aisia-eredu euskaldunez inguratzea, bere etxeko hizkuntza zena zela ere; mugatuagoak ziren tresnak eta uhinak. Orain, gazte batek irratia iratzargailu batean entzutea horixe da: fikzioa.
Bada, fikzioa (ere) beharko duguez, ataka honetatik gure maileguz baina gure hizkuntzan aterako bagara, amaitu nahiko nuke hainbat aspektutan, baina, bereziki, hizkuntzaren egokieran nabarmenduko nukeen telesail bat hemen aipatuz. Izena bera ere doitzen zaio gure esnatze-beharrari:
Argi gorriak. Piztu!