Bibliografiak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2025eko abenduaren 14a

Pertsona bat liburuak erosten azken Durangoko Azokan. DA.

Beti entzun izan diogu amari, ez dagoela (ia) plan hoberik, arratsalde batean Donostiara joan, liburu pare bat erosi eta txipi bokadillo bat afaltzea baino.

Gurasoen etxea liburuz josia ezagutu dut beti: tokatzen zaien tokian egoten dira gehienak liburutegi erraldoian, bi lerrotara. Eta, gutxi batzuk, irakurriak izatetik gertuago, sofa aldamenean pilatuta, gaurkotasunaren eta irakurlearen momentuko gogoaren peskizan.

Oso gogoan dut liburu bat irakurtzeari utzi ezina sentitu nuen lehenengo aldia, hamar urterekin, Banbulo txakurraren lehenengoa eserialdi bakarrean amaitu nuenean. Gabonetako oporrak ziren, eta anaiaren logelako ohe gainean pasatu nuen arratsaldea, letretara eramandako istorioetan murgiltzea plazer absolutuari atxiki nionean burmuinean.

Azalean urteak eta memorian bizipenak pilatu bezala, plazer hori ere aldatu, elikatu, hustu eta berriz puztu, areagotu edo obsesio bilakatu da nigan.

Liburuek blaitu naute feminismoz. Liburuek eta idazkerek urtu naute maiteminez. Liburuek goxo bilakatu dute pandemiako itxialdiaz gaur egun dudan oroitzapena. Liburuak magalean izan ditut titia ematen nuen bitartean. Liburuetara jo dut maitasun erromantikoa deserromantizatzeko, eta gero maitasun erromantikoz gainezka dauden argitalpenak konplexurik gabe irakurtzeko. Liburuek irakatsi didate liburu bat indarka amaitzen saiatzea baino hobe dela liburu hori erdi parean itxi eta beste bati heltzea. Liburuek ate zabal bat ireki didate haurrekin gozatzeko. Liburuek jende berriarengana hurbildu naute. Liburuek jende horrekiko enpatia garatzeko aleak erein dituzte nigan. Liburuek bistaratu dizkidate hitz berriak, esaldiak antolatzeko aukerak, ideiak plazaratzeko modu liluragarriak; hizkuntza bat, bere malgutasunean.

 

«Liburuak zer dira ba, bizitzen ikasteko tresna ez badira? Eta, hizkuntzaren malabarismo-saioak ez badira, paraje imajina ezinetara iristeko?»

Liburuak zer dira ba, bizitzen ikasteko tresna ez badira? Eta, hizkuntzaren malabarismo-saioak ez badira, paraje imajina ezinetara iristeko?

Gurean, bada hori bera edo antzeko zerbait sentitzen duen bat baino gehiago, irakurle taldez eta literatura partekatzeko hitzorduz betea baitago eskualdeko agenda. Ordea, inguruan zenbat arnasgune ditugun jakinda, eta liburuen gain-ekoizpen erabatekoan bizi garela aintzat hartuta, harritzekoa da irakurle askorentzat euskaraz sortutako literatura bazterreko anekdota izatea, aurreiritzien ekuazio hermetikoetan: B plan bat (edo hori ere ez), beren bizitzetako bibliografietan.

Pentsa, 480 urte pasatu dira, eta oraindik ere zentzua dute «bertze jendek uste zuten, ezin eskriba zaiteie» bertsoek. Ai, Etxeparek burua altxatuko balu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!