Uste dut bizitzan gehien markatu dudan liburua dela Trikua esnatu da (Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel, 2019). Norberak baititu bere pasioak eta bere debilidadeak, sarri askotan berberak izaten diren horiek. Eta, tira, liburu honek bizitzan gehien inporta zaizkidan zutabeetako bi gurutzatzen ditu: euskara eta feminismoa, edo, zoragarri nahi genukeen mundu anker honetan erresistentziaren bandoan bizi behar izatea.
Kontrakoa balirudike ere, azken asteotan erresistentzian sentitu izan naiz zurito-elkarrizketa batzuetan, Zetak eta Mitoaroa porrokatuki defendatzen. Lilura, errelatoa, euforia, ahalduntzea eta hizkuntza txiki batetik erreparorik gabe handira jotzea ardatzean duen proiektua. Eta, ai… zenbait gorputzetan azkura ikaragarria sortzen duena.
«Sareetan eta poteoetan ikuskizunarekiko irakurri eta entzun ditudan kritika negatibo ia guztiak gizonezko-cis-heteroen ahotik ateratakoak izan dira. Eta hori ez da kasualitatea»
Sareetan eta poteoetan ikuskizunarekiko irakurri eta entzun ditudan kritika negatibo ia guztiak gizonezko-cis-heteroen ahotik ateratakoak izan dira. Eta hori ez da kasualitatea. Pello Reparazek baititu hizketarako erraztasuna, limurtzeko abilezia, arrakasta. Jartzen du bere gorputza proiektu horren erdigunean, eta batzuetan oholtza normatiboago batean mugitzen den bezala, uste dut Pellok ihes ere egiten diola maskulinitate hegemonikoari, bere dantzakera eta keinu zenbaitetan; taldekide guztiei musu ematen dienean; emozioez normaltasunez aritzen denean; pertsona helduak zaintza-keinuetatik laguntzen dituenean; pornografia eta sexu-indarkeria kantuetara autokritikaz ekartzen dituenean; ikuskizun historiko bat mezu feministekin zabaltzen duenean. Eta, hori guztia, euskara plazara eramanez, euskaratik eta euskaraz.
Hala diote Agirrek eta Eskisabelek tolesduretako batean: «Euskararen eta bere defentsaren feminizazioak desorekaz hitz egiten digu (...) galde liteke gizonentzat euskararen alde egitea desboteretze ariketa bat ote den. Eta, hala balitz, (...) desboteretze ariketa hori leku egoki bat izan ote litekeen maskulinitate hegemonikoa deseraiki eta beste boteretze kolektibo bat eraikitzeko».
Zerbaitek krak egiten du arrakasta parametro menderatzaileetan bakarrik ulertzen (eta onartzen) duten burmuinetan, Zetak bezalako fenomeno bati begira. Eta, bat-batean, urtean 25 bat aldiz futbolagatik betetzen den San Mames bitan betetzea gizarte-arazo bilakatzen da.
Har genitzake hamabost zurito, eta iritziak trukatu, baina, hor daude zenbakiak, eta zenbaki horiek ikusle eta subjektu politiko bakoitzarengan utzitako arrastoa. Nik ez dut zalantzarik: tolestutako liburuen eta enpatiatik haztea bilatzen duten erreferenteen alde.