Valentzia aldean gertatu zirenak gertatuta ere, ohera onik iristeko erreakzio bat-bateko horretan, askok hartu genuen autoa gauaren hasieran. Inork gutxik pentsatzen baitu ekaitz fotogeniko batek bizitzan dituen flotagailu guztiak zulatuko dizkionik. Baina, ikasi behar genuke nola kokatu munduaren aurrean: denbora gutxian asko botatzen du, egunero.
Eskualdean botak eta palak lokatza eta ura xukatzen ari ziren bitartean, asko estadio batean ginen, bestelako uholde batean. Autobusean iritsi ginen gu. Ibilgailutik irteteko atean, emakume arrazializatu bat zegoen lehen tokian, Mugi-a pasatu eta jaisteko. Makinatxoak akatsa ematen zuen behin eta berriz, eta saiatu eta saiatu ari zen, ateak zabaldu zirenean. Beste asko ere txartela pasatzeko zain geunden, denon artean makina zuzendu nahian, baina, hara! Bi ilara atzerago zegoen gizonezko batek hirutan altxa behar izan zuen ahotsa, «Benga, benga!» esanez; berak ere txartela pasatu behar zuen, eta berak eta bere zakilak besteok baino premia handiagoa zuten handik jaisteko, antza. Kasualitatez, autobuseko emakume arrazializatu bati egin behar izan zion oihu, ez beste inori. Lasaitu zedila esan nion hirugarren oihuan, eta suminduarena egin zuen, noski, lekuz kanpoko jarrera nirea izan zitekeela pentsarazteraino.
Halako batean iritsi ginen estadiora, eta bete genuen maskuria, eta hustu, eta bete, eta hustera joan ginen enegarren aldian, segurtasun langileek esan ziguten ezin genuela metro bakarrera genuen komunera aurreko aldi guztietan egindako bidetik joan; buelta osoa eman beharko genuela han pixa egiteko. Kaskagortu egin zen nire bidelaguna, eta eztabaida hutsalegian hasi ziren segurtasun langilea eta bera. Harik eta, eztabaidaren absurdo horretan, segurtasuna serio bermatzen ari zenak «¿Qué pasa, que no entiendes español, o qué?» errematearekin gailendu nahi izan zuen arte. «Uf, goazenbazu hemendik», eta nahi baino beranduago heldu ginen Sarri-sarrira.
«[...] denbora gutxian asko, egunero, eta inork gutxik pentsatzen du akelarre antifaxista batera bere flotagailu imajinario guztiak jantzita joan behar duenik [...]»
Kriston martxa dabil, denbora gutxian asko, egunero, eta inork gutxik pentsatzen du akelarre antifaxista batera bere flotagailu imajinario guztiak jantzita joan beharko duenik, arrazakeriak edo matxismoak edo euskarafobiak edo auskalo zerk zulatu gabekoren bat geldituko zaion itxaropenez.
Azkenean, langarra fotogeniko samar gelditu zen lehengoan Anoetan; euriak ez zigun hitzordua zapuztu. Lohi horrek guztiak, akaso, bai.