Beti oporretan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2025eko maiatzaren 4a

Itsasertz batetik bestera, Monegrosen barrena, Saloura erromesaldian joan direnetako bat gehiago nauzue. Animalia ohiturazaleak garela, hori (ere) berresten baitu udaberriko oporraldiak: gure oreka emozionalarentzat azukre gozoa izaten da eroso sentitzea aurretik ezagun zaigun hartara bueltatuz, gure bizimoduen koherentzia joan-etorri horietan aurkitu uste izanda.

Oporleku tipikoez gain, konfort eremutik atera gabe gozatzea zilegi dela aldarrikatzeko, ezinbestekoak dira oporretako bizilagun tipikoak ere: bai, guk ere euskara gehiago entzun dugu Mediterraneo ertzeko txokoetan, gure bazterretako zenbaitetan baino.

Baieztapen hori arin samar egin liteke hoteleko buffetean, lasai eserita. Gero, ordea, gosaritan hirugihar edo croissant gehiegi jandakoan bezala, errealitate hori ­han gehiago, hemen baino ­tripako min bilakatzen da askorentzat, liseritu ezinda.

Egiari zor, ni, saiatu ere ez naiz saiatzen liseritzen. Ez baitakit ba ote den infusiorik, nire sabelak jasan dezan haur txikien guraso euskaldunak haien artean espainolez barra-barra aritzea, patioan edo parkean edo pistinan edo edonon. Ohituraren eta inertzien izenean, komunitatea, ardura, kontzientzia, begirunea aintzat hartu gabe. Bihotzerre linguistikoa.

«Ez baitakit ba ote den infusiorik, nire sabelak jasan dezan haur txikien guraso euskaldunak haien artean espainolez barra-barra aritzea, patioan edo parkean edo pistinan edo edonon [...]. Bihotzerre linguistikoa.»

Lurrikaratxoa baitakar ohiturak aldatzeak. Ohiturak aldatzeak dantzan jartzen du gure oinen azpiko zorua; zerbait uzkurtzen diafragma inguruan. Begiratu, bestela, bere errutina antolatutik oporraldi itxuraz idilikora bost bat orduan lekualdatzen den haurraren urduritasunari: ez du joan nahi, egiazki joan nahi duen arren. Iritsi baino lehen jakin nahi du nolakoa izango den logela, zer egongo ote den logela horretako kortinen atzean, nolakoa izango den igerilekua.

Kontrolaren jabe izateko biziraupen-sena, horixe da. Baina, behin helduarora iritsita eta gure mobidak eta gure traumak lantzen jarrita, egoeren gainetik gu gaudela sentitu nahi izateari uztea, egin genezakeen ekintzarik eskuzabal eta komunitarioena izan liteke, akaso.

Egun gutxi barru datorkigu ariketa, konfort gunetik ateratzen ikasteko. Norberak ikusi beharko du erosotasunari eta kontrolari zenbateraino utzi joaten, euskararen erabilera gora etor dadin. Elkar mugituz egingo dugu. Ba, mugituko ditugu zoruak, ohiturak, inertziak eta mamuak, eta agian, haurrek egin ohi duten bezala, azkenean ez dugu etxera itzuli nahi izango, sentituko garelako beti oporretan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!