Gabon otorduetan edo ezein elkarrizketatan ilaunak ohe azpitik atera eta mahai gainean jartzen dituen horietakoa baldin bazara, ongi etorri klubera. Zirkulu horietan askok pentsatzen dutena baina esaten ez dutena gure mingainez ahoskatzen dugunok behar baitugu babes-sare bat, gauza deserosoak konbikzioz plazaratuta ere, gorputzaldi txarrez nola geratzen garen elkarri kontatzeko.
Azken hilabeteotan aktibatutako salaketa-oldea sekula altzariren baten azpitik ateratako ilaun-pilotarik handiena izango da, akaso: miresten genituenak, aldameneko herrikoak edo gure ezkaratzekoak erasotzaile izan direla jakin du iritzi publikoak. Eta horrek, ai ene, balantzan jartzen ditu urtetan eta urtetan arkitektura perfektuz eraikitako egitura baten solairu guztiak.
Segur aski ez batzuk nahi genukeen proportzioan, baina, beldurraren zati bat akaso mugitu da beste bandora. Lucia Litjmaer kazetari eta idazleak esan bezala, emakume* guztiok erasotzaileen izen-abizenez beteta baititugu gure disko-gogorrak.
Beharbada beti izan duzu memorian noiz eta nork erasotu zintuen aldi hartan. Edo, agian, testigantza-zaparrada hau irakurri, eta, atmosfera horretan, burmuinak oroitzapen formatuan itzuli dizkizu iraganean bizitako zenbait eszena, zu ere jazarria eta erasotua izan zarela kontura zaitezen.
Izan zitekeen hogeita bat urteko mutil-laguna, zuk hamasei zenituenean, zu adeitasunez behartzen zuk egin nahi ez zenituen sexu-praktika zenbait egitera. Zu ez zinen ausartzen ezezkorik esplizitatzera, baina harrizko bilakatzen zinen hori gertatzen zen aldiro. Demagun egun batez erabaki zenuela harremana uztea; agian tipoaren inguru guztiak deabrutu zintuen. Eta tipo hura hasi zen, akaso, zure gurasoen etxera gauez etortzen; telefonoz deika eta deika, non eta norekin zeunden galdezka; lagunekin zeunden tokietara bat-batean azaltzen. Orduan ez zenuen ez teoria feministarik, ez nahikoa ahalduntzerik, baina asmatu zenuen erasotzaile baten aldamenetik ihes egiten. Biba zu.
«Ihes garaiz egiten asmatzea emakumeok naturaz hartu behar izan dugun biziraupen jarrera da, belaunaldiz belaunaldi»
Edo, izan zitekeen parrandatik bueltan zu etxera autoz gerturatzeko bere burua eskaini zuen mutila ere. Ziurrenik baietz esan zenuen, bidea bakarrik egitea zure beldurrik handienetakoa zelako eta asmo txarrik ikusi ez zeniolako, baina, hara non, auto barruan zegoen tranpa: kopilotoaren besaulkia zuk eskatu gabe atzera bota eta mingaina eztarriraino sartu zizun. Atoan atera zinen kotxetik, ez aurrez bere sententziarik entzun gabe: «Ezin nauzu horrela utzi». Ergo: «Ez sartu autoan larrurik jo nahi ez baduzu».
Ihes garaiz egiten asmatzea emakumeok naturaz hartu behar izan dugun biziraupen jarrera da, belaunaldiz belaunaldi. Eta, kasurik okerrenetan, geure burua jipoitzea ihes egitea zergatik ez ote genuen lortu pentsatuz. Arrazoiak soberan ditugu hautsak behingoz harrotzeko.