Bainak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2024ko urr. 26a, 07:57

Datozen lerrootan emango dudan iritzi hau irizteagatik eta idazteagatik ez nuke inor epaitu nahi; ezta gailentasun moral edo etikorik adierazi nahi ere. Egia da gisa honetako esaldiek ez dutela ezer onik ekartzen askotan: «Ni ez naiz arrazista, baina…», «Ni feministen oso alde nago, baina…», «Izugarria da Palestinakoa, baina…». Baina, baina, baina. Zenbat zapalkuntza eta gezur kabitzen ote da juntagailu baten barruan?

Imajinatu, une batez, albistegia piztu eta aurkezleak horrelako zerbait esaten duela: «Gaur, Eider Rodriguezek ordubeteko osteratxoa ematea erabaki du, bere azken proiektuko idazketa-lanek gainkarga ekarri baitiote pentsamenduetara. Idazleak azaldu du ondo sentitzen dela, baina, joan den asteko liburu-aurkezpen guztien nekeak eragin diola goizeko saioaren bizitasunean. Paseoa amaitzear zela, zaleren bat edo beste hurbildu zaio bere hurrengo liburuaz galdezka, eta haiekin bi hitz egin eta oreretarrak zirriborro lasai batekin amaitu du jarduna». Wazemankeko esketx batean baino ez genuke halako albiste bat imajinatuko: errealitatearen antipodetan dagoen fikzio bat, barrea —edo hausnarketa— eragiteko.

Kontrara, ordea, behartuta gaude, egunero, ildo horretako albisteak normaltasunez hartu behar izatera, baldin eta Nico Williams eta enparauen xehetasunei buruzkoak badira. Futbola sukalderaino, logelaraino, oheraino, erraietaraino sartuarazi digute, eta hemen inor gutxik altxatzen du bekainik. 

Deserosotasunerako prest egon behar baitu batek, munstrotzar horri benetako kritika egiteko. Meloi batzuk horrelakoak dira, eta, kalean, parkean edo patioan tentsioarekin funanbulistarena egiten aritzea baino, akaso hobe da isilik gelditzea. 

Hala adostua nuen neure buruarekin, baina… Haur txikien munduan sartu, eta jabetu nintzen hainbat familiaren aukera dela haur bat egunero futbolariz janztea. Aukera bat dela bizpahiru-hiruzpalau urte dituen haur baten zaletasun guztiak futbol maskulino-hegemonikoaren inguruan berariaz eraikitzea. Aukera bat dela haurrarekin kalitatezko denbora pasatzeko futbol-zelaiko plana egitea. 

 

«Zergatik ez garen oldean asaldatze talde batek partida garrantzitsu bat galtzen duen gauean askoz ere emakume gehiago jipoitzen dituztelako?»

 

Taldea, esfortzua edo plazera ere eskaintzen ditu futbolak; balio zoragarriki onak denak ere. Baina… pentsatzen ote dugu zein unibertsotara gonbidatzen ditugun haur horiek? Zergatik ote den albiste Espainiako ligako jokalari —bakar— bat beste gizonezko batekin maiteminduta egon eta hori ez ezkutatzea? Zergatik ez garen oldean asaldatzen talde batek partida garrantzitsu bat galtzen duen gauean askoz ere emakume gehiago jipoitzen dituztelako? Ez ote dago indarkeria fisikotik gertu samar zelai barruko gorputz-hizkuntza eta iruditeria? 

Gogorra da gure etxearen zutabeetako bat nahitaez eraitsi beharra dagoela entzutea; dolu bat eta bizimodu berri bat. Baina…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!