Orain, berriz, ezer gutxi uzten dugu irailerako, dena aprobatu, dastatu, ikusi, egin, grabatu, kontatu, kontsumitu behar izaten baitugu udan, mundua berriz hasi baino lehen, badaezpada ere. Iraila iritsitakoan, hostoei zuhaitzetara eutsita jarraitzeko indar gutxi ikusi, eta iruditzen baitzaigu orbelak kolpe batean itoko dizkigula udan ustez izandako askatasuna, autonomia eta mugimendu librea.
Hitz gakoak denak ere, M guraso denetik. M-k ondo jantzi nahi izan baitu beti bere burua, eta honezkero irakurriak ditu errespetuzko zaintzari buruz ezagutzen dituen liburu guztiak; jakintza hori eguneratzen laguntzen diote Instagrameko adituen bideoek ere. Haurrak bere ohean lo egiteko gogoa azaldu omen die, eta M-k ez du zalantzarik izan: Montessoriren esanei jarraitzen dien ohea jarriko diote, haurraren autonomia eta gurasoen gerrien tortura neurri berean sustatzeko. Eta, behin gerria tolesten hasita, inoren alde errezoan makurtzekotan, Emmi Pikler-i eta hark esandako guztiari eskainiko lizkioke otoitzak M-k. Esan gabe doa, noski, bere haurrak ez duela lurrik zapaltzen oinutsik doala sentiarazten dioten errespetuzko oinetakoekin ez baldin bada.
«Belaunaldi berekoak gara M eta biok, eta gure belaunaldian guraso izateko modu egoki samarren bila doan edonork joko lituzkeen ateak jo ditu, azterketak uda aurretik aprobatzen saiatzeko»
Belaunaldi berekoak gara M eta biok, eta gure belaunaldian guraso izateko modu egoki samarren bila doan edonork joko lituzkeen ateak jo ditu, ia denok bezala, azterketak uda aurretik aprobatzen saiatzeko. Tamalez –eta oro har–, aprobazio beharrean hezitako belaunaldia baita gurea, kanpokoek esango dutenari begira bizi garenona, nahiz eta –eta horregatik– gure haurrentzat mugimendu librea eta autonomia bilatu.
Ez da kasualitatea, gu jarraitzen saiatzen garen hazkuntza-irizpideak sarri gure gurasoek gurekin jarraitu zituztenetatik aldentzea. Batetik, denborak ematen dio bide hain ondo egin ez zirenak beste ikuspuntu batzuetatik lantzeko aukerari. Eta, bestetik, gure espeziearen erreakzio naturala ere bada aurrekoek egindakotik desberdindu nahi izatea; haiei gure hautuak desegokiak iruditzea bezainbeste. Pentsa, talka hori gabe, zer liratekeen Ez Dok Amairu, punka edo autotunea: anekdota huts.
Tira, aitor dezadan, gurean utzi dugula baten bat irailerako, edo urrirako, edo ahal dugunerako; zorionez, inor ez baita ikasia jaiotzen. Ez dakit M-k zein liburutan irakurriko ote zuen honakoa, baina bere hitzak oxigenoa bezala arnasteko modukoak dira, belaunaldiak belaunaldi: maitasuna, maitasuna eta maitasuna da sekretu bakarra.