Ze gauza, denbora egitea, lehen akaso gogaituko ninduen zerbait: bi gertaeraren, bi hitzorduren, bi iritsi beharren arteko tartea betetzen saiatzea, ustez ezertarako balio ez duen zerbaitekin. Orain, berriz, nire egunen eta asteen denbora eskuetan desegiten baizik sentitzen ez dudanean, plazer txiki bat da denbora egitea: intentzio erabatekoaz tarte hau aurreikustea, liburua poltsan hartzea, eta ebaki bat bakarrik hartzen dudan hamabost minutuetan irakurtzen aritu ahal izatea.
Erlojuak esan dit utzi behar diodala irakurtzeari, eta, kapitulua amaitzeko orrialde bat falta zaidanez, presaka samarrean pasatu ditut azken lerroak. Tabernariari barra gainean kikara hutsa utzi, gero arte esan eta komunera sartu naiz, irristatzen den ate horietako bat eskuinera mugituta.
Estandarra da, bere komunontzi, bere konketa, bere paper, bere zakarrontzi, bere ispilu, bere xaboi, bere poltsa zintzilikatzeko esekitoki. Hara, haurrei pardelak aldatzeko mahaia ere badu eta! Ze ondo, bost puxtarri! Tira, oro ez da urre, eta aldatzeko mahaia emakume izendatuontzat erreserbatutako komunean jarri dute hemen (ere). Ai… dena nahi dugu, eta den-dena ezin da ba!
Segidan pentsatu dut denbora egitea tramite aspergarri zitzaidan garaian, antzeman bai baina ikusiko ez nukeen zerbait izango zela hormara itsatsitako kanbiadorea. Orain, berriz, plaza sozialean pixka bat parte hartu nahi duen ama naizen aldetik, bizitza errazten didan zerbait da hainbat momentutan. Bizitza errazten dit modurik praktikoenean, haurrak kaka egin eta bera garbitzeko leku eroso bat dudalako.
«Taberna batean haurrak aldatzeko mahaitxoa egoteak onartua sentiarazten nau, ongietorria»
Baina, ez horregatik bakarrik, kanbiadorerik gabe ere aberastuko genituzke-eta pardel-fabrikak. Taberna batean haurrak aldatzeko mahaitxoa egoteak onartua sentiarazten nau, ongietorria. Kanbiadore batek abisatzen dit tokia dugula toki horretan. Kanbiadorea bada etxe horretan zaintza eta bizitza hein batean aintzakotzat hartu izanaren adierazle.
Beste muturrean leudeke, metro karratuak soberan izanagatik, haurrei ipurdia garbitu ahal izateko mahaiak beren tabernako komunetako hormara sekula santan lotuko ez lituzketen ostalariak. Nahiz eta taberna egunero familiaz eta haur-orgatxoz josita izan. Ez, ez eta ez. Nahiago garagardo katxia atera zuritoa eskatzen duen bezero bakoitzari. Bizitza bera ez baitago modan bizitzaren antzerkian.