Gimnasioak badu begiratoki pribilegiatu bat, estadiora begira, barruan egonagatik kanporago sentiarazten zaituena. Eta bertatik begiratzen diot, bertatik jarraitzen dut bere mugimendu bakoitza, bertatik imajinatzen dut nola eta zergatik iritsiko zen hona, bizikleta eliptikoan ttirriki-ttarraka ari naizen bitartean.
Zikoina batek hilabeteak baitaramatza Berazubin bizitzen. Estadioak izan lezake bere berezko habitat heze eta zabalaren antz pixka bat, eta lasai ibiltzen da bertan pasieran. Korrikalarien parera ere ateratzen da tarteka, hegalak harro: «Hemen nago ni ere». Arratsalde partean, berriz, osteratxoa egiten du zubi gaineko faroletara, eta handik ikuskatzen du etxe egin duen toki arrotz hori.
Pentsatu dut zikoina hori izan nintekeela ni oraintxe bertan. Eroso baitirudi lehen begiratuan, inguratzen duen unibertso berri hori besarkatuz, nahiz eta ez duen erabat errekonozitzen, bere sentitzen. Zementuzko inguru horretara egokitzeak lumajea ere aldatu dio pixka bat, zarpaildu. Beharbada itzuli nahi luke ez hain aspaldiko hegaldi luzeagoetara, baina, horren ordez, konformatzen da gorputza futbol-zelai prefabrikatu baten neurrira mugitzen.
«Zikoina asko ditut inguruan, bizitzaren bidaian, amatasunaren migrazio-prozesuan hegan eta, gehiago edo gutxiago, guztion hegaldiak pasatzen dira puntu berberetik»
Zikoina asko ditut inguruan, bizitzaren bidaian, amatasunaren migrazio-prozesuan hegan eta, gehiago edo gutxiago, guztion hegaldiak pasatzen dira puntu berberetik. Ikusten dugu nola aldatu, zarpaildu zaigun gorputza beste izaki baten etxe bilakatzeko, eta pentsatzen dugu hori munduko gauza zoragarriena dela, boteretsuak garela. Baina, hala eta guztiz ere, sentitzen dugu ezin dugula erabat besarkatu gure erditzeoste eta amazaroaren erresonantzia-kaxa. Zer den ezleku sentitzea zeure burua…
Udaberrian sartu besterik ez gara egin, baina urtaro-aldaketa honek hurrengora begira jarri gaitu asko, halabeharrez. Udak esan nahi duelako beroa, eta arropa gutxiago, eta bainujantzia, eta haragi gehiago. Uda delako estadio baten erdian bizitzea, eta kristalaz bestalde norbait zure mugimenduei begira dagoela sentitzea. Uda da prefabrikatutako neurri eta molde ezinezkoetatik kanpo ere poza performatzen saiatzea.
Akaso azken lerrootaraino iritsi da tenis partida amaiezin honetan sentitzen den beste inor: zuk ere pilota dantzan darabilzu, buruaren eta erraien artean, ahalduntze feministaren eta bizi-osoan-entzun-ikusi-zurrupatu-irentsi-dugunaren artean. Tira, esan nahi nizuke ez zaudela bakarrik, asko garela, ia denak garela, eta hegalak harro zabaldu besterik ez dugula, honezkero badakigu-eta haurrak ez dituztela zikoinek Paristik ekartzen.