Azkena eta etxera

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2023ko ots. 11a, 07:59

Zutabe honekin hasi nintzenean, nire sinaduraren azpian zer jarri nahi ote nuen galdetu zidan Atariako Naiarak. Esan nahi nuena testuetan joango zela banekien arren, kargutxo hori aukeratzearen huskeriari buelta batzuk eman nizkion, pentsatuz lanbideari gehiegi lotzen gatzaizkiola; gauza gehiagok ere definitzen gaituztela. Eta, azkenean, inauteriekiko nire grinari erreferentzia egitea aukeratu nuen: inauterizalea urte osoan.

Benetan ezagutzen nautenak gutxi harrituko ziren hori irakurrita, eta hain gertuko ez denak toloxar bat gehiago naizela pentsatu. Baina, zer ote da urte osoan inauterizale izatearen kontu hori? Ez nituzke 365 egun konfetiak garbitzen eta zer ileorde jantzi aukeratzen pasatu nahi. Gehiago da bihar hasi eta Asteartitara bitarte gertatuko denaren oihartzunetik hilabetetan edateko gogo bat.

Urte osoko bazka baitira inauteriak gurean, modu batera edo bestera. Badute boterea armairuko txukunketa-saioa zapuzteko, eta egiazki erretiratzeko moduan dauden arropak badaezpada ere gordetzeko, «Asteartitarako, akaso...». Gainontzekoentzat ilbeltz gorriko aldapa dena leuntzen ere laguntzen dute, etorriko den oasiaren atzera-kontu urdurian. Eta, zergatik uka, nostalgiarik erromantikoenaren hari narratiboa ere badira; oroitzapenak bata bestearekin kateatu, eta, aizu, etenik gabe zahartzen gaituen biografia honetan, gozamenak ere zimurtu gaituela ikusten dugunean.

Zer dira, bada, karnabalak, bizitza baten barruko mikro-bizitza bat ez badira? Umetan, ikastolan Ostegun Gizeneko mozorroa eskuz prestatzea ziren inauteriak; xalotasuna eta txalotasuna. Flekotan zartatutako galtza-bakeroak eta txilaba gero, masa baten parte ginela ziurtatzeko. Patata-tortilla bokadilloa Antiguon, eta lehenengo zupadak zigarroari. Ordutegi negoziaketak gurasoekin. Erromeria txosnetan, umetan bezala Berdura plazako dantzaldian ez egotearen pena nerabezaroz ezkutatuz. Solana kalea eta amona Juanitaren etxean antolatzen nuen kanpalekua; gela bat norberarena, inauteri bat norberarena. Ajea kudeatzeko gaitasun txundigarria. Argazki kamera soinean eta euria, euria, euria; eta hamarnaka, ehunka, milaka hitz inauteriari, gozamen perpausetan. Haur txiki bat sabel barruan, eta txaranga doinuak kanpoan, nire grina zilbor-hestetik iritsiko ote zitzaion amestuz. Pandemiaren basamortua eta haren osteko lehertze zoragarria.

 

«Zikloak ireki eta itxi egiten baitira, zorionez, eta nirea hurbildu da Asteartita gauera, txoko honetan. Denboraldi batez, Hausterre Eguneko gorputzaldiz agurtuko naiz»



Askotan galdetzen da zein ote den inauterietako egun kuttunena, inauterizalea ezinezko hautu batera kondenatuz. Hogeita hamalau urtean ez dut erantzun garbirik erdiestea lortu, baina, Dianari errespetuz, aitor dezadan hasieraren kabitu ezinari eta amaieraren eusteko grinari diedan maitasuna. Zikloak ireki eta itxi egiten baitira, zorionez, eta nirea hurbildu da Asteartita gauera, txoko honetan. Denboraldi batez, Hausterre Eguneko gorputzaldiz agurtuko naiz: festan beste astebetez gustura jarraituko nukeela sentituta ere, atseden hartu behar dudanaren jakitun. Oraingoan bai, beraz, azkena eta etxera: topa inauterien alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!