Pare bat bilaketa nahikoa dira, algoritmoak eskuraezina zaigun guztia behatz-kolpe bakarrera dugula sinetsaraz diezagun: ikusten ari naizen telesaileko protagonista guapoaren argazkiak ez direnean, liburu-denda ederren nobedade eta gomendio tentagarriak agertzen zaizkit, edo behar ez baina nahi dudan arropa, oldean. Eskerrak, tartean badiren egokitu zaigun mundualdi hau bizigarriago egiten lagun diezaguketen postak ere.
Hala jakin dut, egunotan, zientzia hasia dela oraindik izen garbirik ez duen baina emakume askok oso zehatz identifika dezakegun sentsazio edo aldi bat ikertzen. Nire kontua zela uste nuen arren, antza ohikoa baita ama izan eta bigarren nerabezaro bat bizitzen ari zarela sentitzea. Hormona-dantza; emozioak izendatzeko zailtasunak; gorputz berri bat onartzeko nahi teorikoa, baina lehengora itzultzeko inpultsu kontrolaezina; errua, errua, errua; sexualitate berri bat eta berreraiki beharreko harremanak; denbora pasatzen den arren, zeure buruarekin berriz topo egiteko ezintasuna; horrek guztiak dakarren frustrazioa. Egun batean, espero gabe bezala, zeure buru eta gorputzarekin berriz konektatu eta klik egiten duzun arte, behatzarekin pantaila gainean nola.
Euskaraz izan liteke amazaroa, ingelesez matrescence eta espainolez matrescencia izendatu duten hori. Akaso horrela, gauzei dagokien izena jarrita, ez genuke algoritmo baten probabilitatearen esku utziko emakumeon bizitzetan gertatzen denaren inguruko informazioa norabait iristea.
«Pantaila guztien onerako, zientzia hasiko ahal da aitazaroan edo gizon batzuei sekula amaitzen ez zaien nerabezaroa ikertzen...»
Noranahi iritsi baitira beste zenbait kontu, paradoxikoki, ama batek kantatuak izan direlako. Salduko digute morboa dela, txutxu-mutxu gogoa dela, aurrez sinatutako kontratu milioiduna dela, Bizarrapen neurrigabeko irismena dela. Baina, egiazki, ez ote dira Shakirak kantuz esandakoak polemikaren epizentro bilakatu, ama baten gorputz eta ahotsetik kantatuak izan direlako? Berrogeita bost urteko emakume batek zeharkatu beharko ez lituzkeen marra gorriak zanpa-zanpa egin dituelako? Hogeita hamabost urteko bikote ohiaren mugimenduek markatu dutelako bera noiz arte izan den TXEMA (Txortan Egiteko Moduko Ama) bat, eta noiztik aurrera izango den despitez gainezka dagoen emakume erridikulu? Pantaila guztien onerako, zientzia hasiko ahal da aitazaroa edo gizon batzuei sekula amaitzen ez zaien nerabezaroa ikertzen…