Gure minaren hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2022ko aza. 12a, 07:58

Itzali egin zait inon idatzi gabeko arau sozialen iragazkia. Besteek esango dutenaren itzalari ihes eginez bizitzeko ahalegin humano hori. Berdin zait zenbat jende dagoen etxepeko tabernako terrazan, urri hondarreko oinei uztaileko sandaliak jantzita. 

Berdin zait, pasadan, jende hori guztia eguzkitako betaurrekoek erabat estaltzen ez didaten nire aurpegi zargalduaz jabetzen bada. Berdin zaizkit beroa, eta klima aldaketa, eta hilabeteen eta urtaroen arteko dantza ero hau. Udazkenak zeharkatu izan banindu bezala hartu bainau azaroak, barrua hustuta eta kanpoa zimelduta.

Bigarren aldiaren balizko pribilegiotik, hamabi asteen kaiola horretatik ihes egiteko hautua egin genuen biok. Kasurik onenean, bizitza goragalez ospatzen jarraituko nukeen hamabigarren astetik aurrera ere; kontrara, berriz, gure ahalegina izan zitekeen tabuak eta estigmak apurtzeko ale txiki bat. Munduari gogorarazteko, lau haurdunalditik bat aurrera ateratzen ez den arren, isiltasun itogarri batek errealitate hori egunero-egunero mututzen duela. Dolua ukatzen.

Eta halaxe sentitzen da bat pribilegioan zaurgarri: estatistiken zaku gupidagabean denontzako tokia dagoela haragiztatzean. Presioa bularrean eta beroa aurpegian. Negargura, negargura. Errua eta hau gertatu izana zerorrek eragin ote duzun aztertzea. Arindu arraro bat, sorgin iragarle bat nola, hainbeste amesgaizto errepikakor sortu dizkizun beldurrak beldur izateari utziko diolako; burutik gorputzera jaitsi, eta odol tantatan isuriko duzulako.

 

«Sabelean zeneraman izakia galtzeko beldurrarekin bizi izanagatik ere, ez duzu imajinatu ere egiten erauzte horrek erraietan halako hutsunea eta tristura sortuko dizkizunik»



Zortzi aste eta sei egun; denbora gutxi eta ele-mele gehiegi, pentsatuko du askok. Abortua eta legratua. Dena azkarregi, haurdunaldi-test positibo batek zugan pizten duen unibertso horretatik kolpe bakarrean jaisteko. Alta, etxera eta lanera. Munduak beti bezala jarraitzen baitu hor kanpoan, zure udazkenaz, zu orain bilakatu zaren orbel narrastiaz jabetu gabe. Zuk mundu horren gurpil-zorora berriz sartzeko indarra noiz bilduko duzun argitu gabe.

Sabelean zeneraman izakia galtzeko beldurrarekin bizi izanagatik ere, ez duzu imajinatu ere egiten erauzte horrek erraietan halako hutsunea eta tristura sortuko dizkizunik. Eta, gero, zeure buruari hori sentitzeko eskubidea zalantzan jarriko diozunik, jada beste haur bat baduzulako. Ezta inguruko batzuk, astebetean, abortu hori gertatu izan ez balitz bezala hitz egingo dizutenik ere.

Honetatik ere ikasiko dugu zerbait, dena gertatzen baita zerbaitengatik. Bizirauteko klixe merkeak edo kasualitateak, nondik begiratzen den. Ezin delako txiripa hutsa izan, zutabe honen entrega-datak gure bizitzetan hau gertatu izanarekin bat egitea; ez, behintzat, iragarpenekin dantzan aritzen den buru honentzat. Ez dakit biluzte-ariketa hau egiteko ausardiarik bilduko nukeen, aurrez beste hainbat emakume abortuaren dibulgazio emozional eta politikoan aritu izan ez balira; egunotan, burua etengabe doakit Emekiko Alaznerengana eta Alaine Agirreren Karena eleberrira. Mina ez da min izendatzen ez den arte; gureak dira hitz guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!