Engantxatu egiten omen da bat tatuajeetara, lotu; tintak drogatik ere badu, antza. Baieztapenari ez nion sinesgarritasun handiegirik eman entzundako lehen aldian, eta, gaur hemen honi buruz aritzeko behar adina dokumentatu ez naizen arren, ez dakit orratzak azalean marrazten digunak dependentzia kimikorik sortzen ote duen. Beste kontu bat da nola lotzen garen emozionalki aurrez amestu, planifikatu birpentsatu eta ordaindutako zauri eternal horietara. Bizitza-pusken errepresentazio horietara, bizitza hori bera performatzen ari den azalean.
Agian badugu noizbait memoria galtzeko beldurra, eta marka jakin batzuk injektatzen ditugu, inoiz izan garenaren lekukotzak pilatzen joateko. Edo, beharbada, tatuajeak dira gure auto-laguntza liburu, eta tintaz izkiriatzen dugu izan nahiko genukeen hori, azalean behintzat izateko.
«Finean, munduari eskatu gabeko azalpenak emateko modu bat dira tatuajeak; aitzakia 'guai' bat, gure nartzisismoa nolabait justifikatzeko»
Finean, munduari eskatu gabeko azalpenak emateko modu bat dira tatuajeak; aitzakia guai bat, gure nartzisismoa nolabait justifikatzeko. Teorian zuk bakarrik ulertzen duzun irudi horren esanahia munduaren esku uzteko. Nola aldatu zizun bizitza Vietnamera egindako bidaia hark, edo zein izenez deitzen zizun aspaldi zendutako amonak. Zein gertakarik bilakatu ote zizun efemeride, zenbaki erromatarrez idatzitako data hori. Zein den, besterik gabe, katalogoan gehien gustatu zitzaizun diseinua. Tatuajeak leiho txikiak dira, zeinetatik gure bizitza-zatiak ikus daitezkeen; orbaindutako sare sozialak.
Galdera da, zerk gertatu beharko lukeen mundua azalpenak eskatu eta eskatu ari zaizunean, zuk leihorik ireki nahi izan gabe; tatuajerik gabe. Zer erantzun beharko zeniokeen, adibidez, zure izena juxtu-juxtuan ezagutu eta, hala ere, berriz haurdun gelditzeko asmorik ba ote duzu galdetzen dizun horri. Blake Lively aktoreak berriki Instagramen egindakoa ez litzateke aukera txarrena, nork bere eskalara ekarrita: bere haurdunaldiko argazkiak zabaldu ditu, astetan jazarriz eta segika izan dituen paparazziak salatu eta izorratzeko. Aktoreak egin duenarentzat titular bikaina litzateke Onintza Enbeitak behinola Madrilgo kongresuan gazteleraz ahoskatutakoa. Nik aukeratzen dudala, alegia, zuk nire azalean zein tinta-orbain ikusi eta zein ez.