Bezperatik hasten da gurpil-zoroa, bueltaka. Ea bihar zer moduz. Ea ninja baten abileziaz jaiki eta lo-gozoan jarraitzen duen. Ea titia eman eta gosaltzeko beste ordu-laurdentxo bat uzten didan. Ea bera esnatzerako dena prest daukadan. Ea agurtzen dudanean pozik geratzen den. Haien erritmo biologikoak inola ere ulertzen ez dituen moldeetan sarrarazten baititugu haurrak. Haiek ahoz errepikatu bai, baina buruz irudikatzen ez duten norabait joan ahal izateko: «Amatxo lanea dijoa». Eta, horrela, egunero: egun guztiak baitira beste baten bezpera.
Berez bezala gertatzen diren ekintza horien sokak gorpuzten du izen bat: estresa. Emozionala hasieran, eta fisikoa ere bai gero, asteen eta hilabeteen poderioz. Eta, bat-batean, gurpilaren inertziari balazta jarri nahi eta ezinean sumatzen duzu zeure burua, barrurantz orro egiten eta sukalde-gainari amorru-kolpe bat ematen, maiatzeko goiz batean. Gainerako gurasoek hori guztia airoso egiten dutela pentsatzen eta, ondorioz, sentitzen ari zaren hori guztia dramatismo hutsa dela erdiesten. Irailean erositako motxila hori kulpaz betetzen.
«Gainerako gurasoek hori guztia airoso egiten dutela pentsatzen eta, ondorioz, sentitzen ari zaren hori guztia dramatismo hutsa dela erdiesten. Irailean erositako motxila hori kulpaz betetzen»
Duela bi urte ama izan nintzenetik gehien entzun dudan aholkuetako bat da, denbora behar bezala aprobetxatzeari erreferentzia egiten diona. Guztia ahazten dela, eta dastatzeko, gozatzeko, xurgatzeko haurrarekin bizi dudan momentu bakoitza. Hori bai, niretzat ere denbora hartzeko, ezinbestekoa dela gero lanean eta zaintzan gogoa bilduta aritzeko. Ahal bada tarte bat eskaintzeko ama izan aurretik afizioz egiten nituen kontuei, ez naizela ama bakarrik. Eta bikote-harremana ere ukenduaz goxatzeko, gure artekoa ez dadin enpresa baten kudeaketa hutsa izatera heldu.
Bakoitzak bizi du bere gurpil-zoroa; hau guztia nire nekean aztarrika ibiltzea baino ez da. Baina uste dut badirela labainkera horretatik oso gertu egon litezkeen pertsonak, gertatzen zaien hori haien bizipen isolatua dela pentsatzen dutenak. Erru eta estres hori noizbait gorpuztu dutenak, ume batez erditu edo ez. Gure dantza ero honek ahotsak eta belarriak eta besarkadak behar ditu; sareak, enpatiazko zubiak. Eta Oihana Iguaranek eta Amaiur Luluagak modu ikaragarrian eraiki dituzte, AMAraun ikuskizunean, gure zamak, gure mahai-gainetan eman beharreko kolpeak eta gure sokak kantatuz eta dantzatuz. Zirrikitu bat, denbora honetatik arnasa hartzeko.