Ajearen apologia bat

Erabiltzailearen aurpegia

Arraunlari izatera jolastu genuen larunbatean. Ez, bakarrik, elkartasunezko batel estropada jokatu eta gure denboraldi propioa bukatu genuelako; baita, denboraldi amaiera ospatze horretan, parrandaren marea behar baino gehiago igo zelako ere.

Ekainean, kuadrilla eguneko ajea hizpide nuela ekin nion Zia edo Bogaren denboraldiari eta, istorio biribilenak nola, joan den larunbateko ibilerak baliatu nahi ditut gaur, ajea gorroto izanagatik, haren apologia bat egin, eta arraun denboraldiari agur esateko.

Ajea izan baitaiteke arraunaren metafora bat. Urteak eta denboraldiak badoaz, eta guk hemen jarraitzen dugu, haiei begira, haietan bizitzen eta haiek nola aldatzen diren dastatzen; ajeekin bezala. Ajeak min ematen digu, fisikoa batzuetan, eta psikologikoa ia beti; arraunak min ematen du, behatz eta ipurdietan batzuetan, eta bihotzean ezinbestean. Ajea da plazeraren eta norbere burua zigortzearen arteko sokan, funanbulistarena egitera behin eta berriro, eta berriro, eta berriro bultzatzen gaituena; «aurten azkena» esan duen arraunlaria tostara enegarrenez itzultzen denean bezala.

Bezperakoak betiko ahazteko gogoa edo buklean birgogoratzekoa pizten du ajeak, arraunak bezalaxe. Eta, horrela, aurten lortutakoa errepikatzea ia ezinezkoa izango dela pentsatuz ekin beharko diote batzuk, azaroan, hurrengo ekainerainoko bideari. Beste batzuek, berriz, amaitu berri dena erabat gozatzeko pizgarriren bat falta izan zaiela uste izango dute, eta haiena izango da ajerik gozoena: hurrengoan dena emateko indarra duena.

Biharamunetatik bezala, arraun denboraldietatik ere beti ikasten da zerbait, edo horretan saiatzen gara behintzat. Aitortu behar dut aurtengoa bereziki ederra izan dela nire bihotz-begientzat, eta beste askotan baino gehiago kostako zaidala aje arraun zalea gainditu, eta euforiaren aparrak noizbait jaitsi behar duela onartzea. Baina, tira, urteak eta denboraldiak badoaz, eta guk hemen jarraitu nahi dugu, haiei begira, haiek bizitzen eta haiek nola aldatzen diren dastatzen. Hurrengo urtera arte, beraz!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!