Igandean

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ira. 13a, 19:58

Astelehen goiza da erredakzioan, eta niretzat gaur hasiko da, bene-benetan, ikasturte berria. Bai, Kontxako banderak edozein egutegik eta itzulera operaziok baino gehiago balio izan dit beti.

Bezperako eguna efemeride bilakatuko zait betirako eta, badakit, bulegora sartu eta estropadei lotutako zerbait entzun beharko dudala; zutabe honetatik kanpo ere, ezaguna da nire arraun zaletasun agian dementziala –dementzialagoa, Gipuzkoaren bihotz-haranean–. Horrela, beraz, buruan prestatuta daramatzat nire erreakzio arraun zaleegia kontrola dezaketen bizpahiru erantzun.

 

Atea zeharkatu eta entzun dudan lehenengo gauza “ixo, ixo, ja ezin da arraunaz hitz egin” izan da. Entzundakoak ikaragarri harritu nau, irailean arraun zaleari ez baitzaio hizpide erakargarriagorik suertatzen. “Zer dela eta?” batekin ausartu naiz, kontrola mantentzeko saiakera horretan, eta orduan iritsi da, kalkulu zorrotzez pentsatutako guztia kolpe batean eraitsi didana: “Ez... atzo gertatu zenagatik... badakizu”.

 

Uf, nola irten egoera honetatik, aldi berean nire onetik irten gabe? esan diot neure buruari, eta galdera erretoriko horretan geratu da autokontrola: “Ezin da arraunaz hitz egin, akaso, matxista hutsak zaretelako?”. Pun! Lehertu da astelehena.

 

Eztabaida sano batean sartu gara, eta lankidea saiatu da azaltzen, gizonezkoen Kontxako banderak emakumezkoenak baino itzal eta pisu objektibo handiagoa duela, eta horregatik espero zutela ni atetik burumakur-edo sartzea; gizon horiek bigarren egin zutelako, alegia. “Historia gehiago du, txanden arteko aldeak ez dira hainbesterainokoak, taldeen proiektuek egonkortasun handiagoa dute eta, finean, gizonezkoen atzetik diru gehiago dago”. Tira, aurreko Zia edo Bogara itzuliz, filosofia pixka baten beharrean gara denok ere, objektiboa zer ote den definitzeko.

 

Bitartean, zenbakiek diote, Oriok lehen aldiz irabazi duela Kontxako emakumezkoen bandera, 22 segundoko aldeaz, badian erakustaldi betean sartuz. Eta egutegiak dio 2019a historiara pasatuko dela, talde horren eta palmareseko gainerako taldeen aurreko Kontxako banderak pasatu diren modu berean.

 

Hunkidurak eman ohi didan konfiantza kolpetik, igandean sare sozialetan idatzi nuen, txikitako alironetan pentsatzen nuena: ederra zatekeela Kontxa irabaztea, nahiz eta gero pentsatu, neskok hori ezinezko genuela. Baina, joan den igandean, lehen aldiz, Orioko balkoian lau haizetara ibili zen emakumezkoen Kontxako bandera; eta mezu feministak ere bai. Igandean, plaza oso batek abestu zien Mirotzak eta, igandean, haiei begira zeuden mila begi pare; haur oriotarrenak asko, eta beste kolore batzuk sentitzen dituzten emakume arraunlarienak ere bai, ziur. Eta, nik diot, igandekoa amets Txiki bat izan zela.

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!