Kafearen filosofiaz

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ira. 5a, 19:58

Kaferik gabe bizi daitekeela ikusteko garaia izaten da uda eta, ikasturtea egunean expresso bakarrarekin pasatzea neure buruari proposatua nion arren, bulegoko giro beteak nahi baino gehiagotan altxarazi ninduen makinara atzo; ordubete pasatxoko itxaronaldia izan dut bart, loa etorri bitarte. Nahikoa tarte, iraileko egunotan filosofo izan nahiko nukeela erdiesteko.

Hala izan nahi nuke, besterik ez bada ere, neure buruari esplikatzeko, zein erlatiboa izan daitekeen objektibotasuna, sostengua burmuin subjektibo bat denean. Izango nintzateke fisikari ere, zergatik ez: datorren igandeko eguraldi, haize eta olatu iragarpenari begiratu; traineru bakoitzaren batioak eta pisua formula matematiko batean sartu; kale bakoitzak eguraldi horrekin zein itxura hartuko duen aurreikusi. Eta horrela bai, horrela akaso erabakiko nuke, objektiboki, sei segundoko abantaila asko edo gutxi ote den.

Baina berriro itzuliko nintzateke filosofiara, eta 'asko' eta 'gutxi' definitu beharrera. Eta gero egingo nuke jauzi psikologiara ere, eta aztertu, sei segundoko atzerapena gehiegizkoa dela uste duenak, zein grina duen erronka hori iraultzeko. Edo, kontrara, oihal zuri eta urdina behatz puntetan duenari barrena zein urduritasun klasek jaten dion ikusi.

Insomnioak eragindako pentsamendu absurdo horiez aparte, dena den, esango nuke ez dela arrauna, oro har, eta Kontxa, zehazki, azal lezakeen diziplina zientifikorik, ezpada, inoren garaipenarekin baino gehiago, talde zehatz baten porrotarekin pozten diren horien burmuina aztertuko lukeen jakintzaren bat; zoriontsu izateko modu makur hori dutenena.

Pentsaezina baita, segundoen zakutxoa alde nahiz kontra izanda ere, banderarako aukerak dituzten ontziek literaturarik ez erabiltzea, gehien komeni zaien amaiera irudikatzeko. Ezinezkoa, gain-informazio eta gain-pronostiko burbuila horretatik ihes egin, eta azken estropadara buru hotzez bertaratzea. Eta, tira, ia naturaren aurkakoa, Kontxako banderak burbuila hori guztia ez sortzea. Kontuak horrela, igande honetan ere urterokoa: bihotza bero, burua ero eta kafe gutxi, badaezpada ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!