Aitortzen ondotik iritsi ohi dira justifikazio merkeak eta, kasu honetan, nahikoa litzateke esatearekin, Tolosako kuadrilla eguna ospatzeko aitzakiak biderkatu zizkidala lehen jardunaldi haren emaitzak. Pentsa, igandeko ajearen beldurrik gabe, bigarren estropadarako iratzargailua jarri ere egin nuen, asteburu hori hori biribiltzeko.
Honetara ezkero karnet ofizial hori galtzera noanez, bigarren aitortza bat ere ez legoke soberan: ez dut uste liga osoan halako astebururik errepikatuko denik. Ez koloreagatik bakarrik, baita garaipen bikoitzagatik ere, eta hala erakutsi digu gizonezkoen bigarren jardunaldiak: perfekzioaren joko bilakatu zen, aspaldi, Kantauriko ontzi onenen liga, eta banderena ia anekdotikoa izan daiteke, punta-puntako taldeentzat ere.
Eskerrak suak, eskopetak eta zortziko-doinuak itzali ziren, errutina udatiar eta kresaldunari bide emateko, horrela heldu gara-eta, Tolosaldeko traineruko nesken aparraren gorakada lotsatira: hirugarren Baionan, hirugarren sailkapenean, eta dena irabazteko, bizipenetan zein -nork daki- banderatan.
Déjà vu perfektu bat nola, kolore bakarra hartu zuen, joan den astean, Eusko Tren ligaren abiadak ere: faboritoak faborito, paperean, irrati uhinetan, tabernako elkarrizketetan eta, bai, uretan. Orioko emakumeentzat historiako lehen bandera, aurreikuspenen neurriak aurreikus balitezke bezala. Baina ez, ezin dira aurreikusi, eta orduan iristen dira urteroko topikoak: estropadak jokatu egin behar direla, jardunaldi bakoitza mundu bat dela, besteek ere entrenatu egiten dutela, eta abar eta abar.
Arraun zale fin eta diziplinatuaren titulurik gabe bada ere, ezin uka asteburu honetan datorrenak teknologiaren aurrerapenez gozatzeko aukera eskainiko didanik; nagoen tokian nagoela, moldatuko naiz uda hasierako posizio-hartzeen dantza hori jarraitzeko. Ea goian espero eta erdi aldean daudenek noranzko joera hartzen duten; ea garaipenik errepikatzen ote den, edo eskuratutakoak espejismo txiki bat baino ez ziren, konfiantza propioaren alde; ea lehorreko txarangek harreraren baterako prestatu behar ote duten; eta ea ligek orain arteko ikuskizun mailari eusten dioten. Perfekzioaren jokoa, alajaina!
Tira, izenburuan hiru aitortza agindu ditut, eta ezinbestean biluztera noa, baliza honetatik airoso irtetea kostako zaidanaren jakitun: ez, oraindik ez dut nire balkoia arraun denboraldiaren neurrira atondu. Ea hurrengo zutaberako.