Semaforoan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko eka. 19a, 11:57

Maite dut urte-garai hau. Nola nahasten den opor egunen atariko gehiegizko grina, San Joan zortzikoak har ditzakeen usain guztiekin. Nola diren egunak egunago, eta gauak anekdotago. Edo nola, semaforoan, besoa atera dezakegun autoko leihotik, airea eskuetan hartzeko. Maite dut urte-garai hau, atea zabaltzen didalako, ideia absurdo horiek guztiak lapiko berean sartu, eta Zia edo Boga izeneko zutabe bat idazteko: arraun denboraldia hasten delako.

Hasi ziren batzuk, eta hastera doaz besteak; hastera festa. Marka ikusgarrien eta titular originalenen xerka; edo, esperotako emaitzak ez lortzearen kezka. Itzaleko ontzi eternala denboraldiko ezustekoa izatea, edo faboritoaren presioari eusteko askok duten artea.

Ederra da urte-sasoi hau, denborak uda osorako uzten diolako balio objektibo izateari, norbere neurrira egindako irizpide tekniko bilakatzeko. Zenbaitzuek jardunaldi bakarrean irauliko dituztelako bezperan galdutako 20 segundoak, besteren batzuk denboraldi osoa olaturen baten indarraren zain pasatuko duten bitartean, 5 segundo jateko.

Horregatik, hibridoa ere bada solstizio berriaren atariko garaia. Plazeraren eta sufrimenduaren arteko formula, nola arraun zale, hala arraunlarientzat. Perfekzioz diseinatutako lana zorizko keinu txikiek zapuztu dezaketela ikustea, eta hori bera izatea, tosta artekoan hamarkadaz hamarkada jarraitzeko droga. Edo, ea-aurten-poz-txikiren-bat-edo-beste-hartzen-dugun ahopeka errepikatuagatik, poz txiki bakarra hurrengo denboraldirako itxaropena izatea.

Polita da urte-garai hau, badituelako beti errepikatzen baina beti berritzen direnak. Nik betikoak animatuko ditut; baina semaforoa denentzat piztuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!