Ni neu lehenengoa, Kontxako bigarren igandean goiz etxeratu banintzen ere. Ajea neurtu daitekeelako garagardotan, baina baita bizipen edo etsipenetan ere: bai, aurten dezepzioak mozkortu nau Donostiako banderan. Eta ez, ez da nire kolorearen erdi-ipurdiko emaitzagatik izan. Zaleengatik izan da.
Giroa, xarma eta erakargarritasuna oparitzen dizkiote, afizioek, kirolari; kolorea eta ukitu estetikoa. Baina Donostiako banderak paisaia perfektutik bezainbeste du, neurri gabeko idealizaziotik: goizean goizeko kresal usaina, jendea pixkana iristen, traineruak uretaratzen eta txaloak ozentzen. Eta txaloak ez direnak.
Arraunean ere badirelako, beren taldea baldintzarik gabe animatu beharrean, gainerakoak –gainerako batzuk– xaxatuz eta irainduz gozatzen duten zaleak; norbera hazteko bestea zapaldu behar dutenak. Kiroltasunetik ezer gutxi edaten dutenak, eta arraun munduari istilu zaporeko aje eternala uzten diotenak. Beren taldea beste-inor-baino-gehiago eta beste-inor-baino-indartsuago maite dutenak. Tira, esan beharrik ez dago, zein den maitasuna neurtzeko beharra duenaren ajea.
Gaur, agerikoegia da urtetan pilatutako minetik ari naizela. Jarrai dezadan, beraz, nire neurtzeko gogotan: Betiko Arrauna da zuena, norbere putzuan hondoratzen ari denaren aguadilla; zuek kudeatu zuen pozak eta penak, hartu neurria autogestioari, eta maitatu hobeto.