[Zia edo Boga]: 'Azken traka, helikopterotik'

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko irailaren 3a

Argazkia: EITB.eus

Suziriak dirudite traineruek, helikopterotik hartutako irudietan. Arraun zalearen ajeak: Donostiako eremu idilikotik nahikoa edan eta gero, Kontxa igandeetako iluntzeak perfektu bilakatzen dira, eguerdiko norgehiagoka distantziatik berrikusi eta irudimena dantzan jartzeko.

Su artifizialetan bezala, ontzien irteerek ubera paraleloak marrazten dituzte ur gainean, eta traineru bakoitzak kolore bat ordezkatzen du telebistako pantailan. Estropuak soinu banda dira tolet eta tiborten aurkako kantuan, eta hamalauko bakoitzak bere erara markatzen du elegantzia: luze eta patxadaz batzuk, eta azkarrago eta kolpez beste zenbait. Guztia, badiako ur gazia dirdiraz eta puntutxo zuriz marrazteko; arraun unibertsoaren zerua.

Zerua, dena lehertzen den arte; efimeroa baita su artifizialen lilura. Eta, onerako edo txarrerako, baita arraunarena ere. Suziriren bat osteguneko txinparta itzalita irten zen, eta besteren bat norbere bidea galduta, antza. Zer lirateke, ba, su artifizialak, zalapartarik gabe?

Zorionez, oraindik badira poza su bizi-bizitan duten suziri gazteak, eta baita zarata gehiegi sortu gabe ederrenak izan daitezkeenak ere.

Azken traka tentagarri dator, eta gauza bakarrak egin lezake ederrago, urteko asteburua: suziri truke guztiei txalo egiteak. Beste koloreez poztea ere badelako Kontxa; bai, behintzat, nirea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!