[Zia edo Boga]: 'Pozaren aurreko poza'

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abuztuaren 31

Zaila da esplikatzen, Kontxako sailkatze estropadako poza. Igandean lorpena biderkatu nahi dutenen kasuan, neurriz eta kontuz adierazitako poza izaten da, pozaren aurreko poza; buru-makurrenak, berriz, saiatzen dira kiroltasunaren eta pozaren artean zubi txiki bat eraikitzen. Edozein modutan, iraileko lehen igandearen aurreko osteguna, poz mota guztiak behatz puntekin ukitu ahal izateko eguna da.

Lehia ederra baita, lehia ez denean. Denek, eta aldi berean inork irabazten ez duenean. Ia beti helburu propioak betetzen direnean eta, hala ez bada, arrapalako beroak zauri guztiak sendatzen dituenean. Koloreek lagun berriak sortzen dituztenean, eztabaidak baino gehiago. Minutuko hogei besarkada ematen direnean. Festak sailkapenari irabazten dionean, irrati txikiek bozgorailuei bezala.

 

Egia da epikotasun hitzek deskribatu ohi dutela, ia beti, Kontxako bandera; ameslarien plaza da Aquarium ataria, eta ameslariek hauspotzen dute. Eta eskerrak hala den. Lehorrean eta harrobitik betetako tostetako neskek poza eta haren ñabardura guztiak dastatu baitzituzten, atzo, zazpigarren postua lortuta; TAKeko traineruak, honezkero, badaki zer den pozaren aurreko poza. Askok uste baino azkarrago ari da kresaltzen Zerkausiko ametsa, eta ez da arraunketa eroso horri eusteko motor hoberik: ezer irabazi gabe, dena irabaztea. Eutsi horri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!