[Zia edo boga] 'Ipurkonkorraz eta garunaz'

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 20a, 12:00

Petriletik edo pantailaz bestaldetik bizi izan dut arrauna, ia hiru hamarkadatan. Ikusi eta ikasi egin behar omen da, ordea, eta Tolosako elkarteen arteko estropada aitzakia ederra bilakatu zaigu, estreinakoz, arrauna eta toleta estropuaz lotu, eta gure lehen paladak emateko.

Behatz arteko babak eta ipurkonkorreko zauriak gure bizitzetara iritsiko zirenaren jakitun, premisa argiak eman zizkigun entrenatzaileak, lehenengo saioan: «Arrauna teknika da, teknika». Eta, ahal duenak, gerora zaildu ditzala giharrak.

Ordea, aurten ere traineru ligak ematen ari direnari begiratuta, pentsa liteke garuna zailtzea dela, tosta arteko elitean, teknika ezinbestekoena.

Astebururo irabazten dutenek, monotonia gozoenaren lainoan bizitzen ikasi, eta beharbada etorriko diren kolpeei ukendu egokia prestatzeko. Jardunaldiz jardunaldi azken postuak betetzen dituztenek, astegunetako entrenamenduei ilusio pixka batekin heltzeko, eta lehiaren zapore mingotsenekin ere goza daitekeela jakiteko. Uretan denbora gehiago pasatu nahiko lukeen arraunlariak, txanparik ederrena norbere buruaren aurka jotzeko. Eta, nola ez, beren talde kuttunaren errendimendua dirdiratsuagoa izan zitekeela uste zuten zale horiek guztiek, itxaroteak merezi duela ulertzeko.

Hasi baino lehen ere bagenekien: arraunean errazkeria gutxi, eta hala izan dadila, gainera. Lehortuko baitira eskuetako babak, eta orbainduko ipurdiko zauriak, ikusitako guztitik ezer ikasten hasterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!