[Zia edo boga] 'Plazerak min'

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uztailaren 12a

Plazeraren mina da nostalgia; gozatutakoak utzitako hutsunea edo carpe diem guztien gordina. Nostalgia pizten digute bidaiek eta bidaideek; amaitu berri diren jaiek eta, batez ere, ajeek; unibertsitate garaiko bizipenek; edo haurtzaroan mila bider errepikatutako abestiek.

Hiztegiak dio, nostalgia dela «maite dugun zerbait urrun dagoenean edo, iraganekoa denean, sortzen zaigun goibeltasun sentimendua». Bada, ziur naiz, izango dela eliteko traineru ligen aurreko garaiak nostalgia pizten dion arraun zalerik. Zale erromantikoak, estatxa ereserki epikorik entzun beharrik izan gabe askatzea gustuko dutenak; edo kale-zozketen izateko arrazoia estropadaro berrezarri nahiko luketenak. Horien guztien zorionerako, oasi miresgarria dira herrialdeetako txapelketak.

Traineruak eta arraunak ez dira egurrezkoak, eta nekez ikusi ahal izango da ibaiko gomazko txankleta vintage-ak soinean dituen arraunlaririk. Baina leiho ederra dira, nola-hala denboran bidaiatzeko.

Tamalez, hitzorduok duela bi hamarkada izan zezaketen oihartzunak, izarren ligaren itzalean biziraun behar du orain, besterik ezean. Hotsandiko babesleen publizitaterik gabe, eta hots handirik atera gabe; akabo, nostalgiaren ederra.

Irabazleen monotoniatik eta batzuek-halabeharrez-erlojuaren-aurka aritu-behar-izatetik kanpo, ordea, herrialdeetako txapelketek eman dituzte nahikoa arrazoi, 2038an joan den asteazkenekoaz nostalgia senti dezagun: Tolosaldeko traineruak bosgarren postua eskuratu du Gipuzkoako txapelketan, eta helmugarainoko txanpa ikusgarria eskaini dute emakumezko lehen bi sailkatuek. Ia min ematen duen plazera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!