[Zia edo Boga] Biluztearen aldeko manifestua

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 21a, 11:26

Akabo, zahartu gara denboraldi bat, horrek dakarren guztiarekin: bihotzari behar baino dantza biziagoak, eztarriari zazpi urratualdi gehiago eta betertzetan pozak eragindako bina zimur opari. Argi baitago: gorputza bizipenen mapa balitz, askorentzat kontinente handienetakoa litzateke tosta artekoa. Arraun zalearen ajeak.

Eta honek ez du etenik. (Gain)informazio ekoizle guztiek Kataluniara alde egin dutela dirudien arren, arraunak jaten emango baitio, oraindik, Twitterreko albiste jarioari: erreferendumik gabe bada ere, badatoz erabakitzeko egunak.

Kolore batekin jarraitu edo beste batekin proba egin. Talde baten gidaritza luzatu, edo erronka berriei heldu. Animoak eman betikoei, edo Betikoei; edo, zergatik ez, ontzi berriak kuttun bilakatu. Azaroan platanitoa berriro jantzi, edo hilabete pasatxoko atsedenaldia luzatu.

Sinplea dirudi: bai ala ez. Ordea, erabakiak baldintza dezake gutxienez datorren urtebetea. Norbere bizipenen mapa erabat tolestu dezake, eta urteak kresal-denboralditan kontatzeko modua aldatu. Arraunlariaren ajeak.

Baina errepika dezadan honek ez duela etenik. Beste irail batez biluztu dira balkoiak (Aupa Xxxxx! oihalak ere, denboraldi bat zaharrago), eta biluztuko dira ontziz ontziko erabaki horiek guztiak ere, aurtengoaz bezainbeste gozatuz, denboraldi bat gehiago zahartu nahi dugunon zorionerako.

Biluztearen aldeko manifestu hau amaitzeko, gauza bakarra gehitzeko: hurrengo denboraldian ere saiatuko gara txoko honetan hitzez biluzten. Gora arrauna, eta ekainera arte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!