[Zia edo Boga] '8ak 1'

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko irailaren 1a

Abisua: testu honek spoilerren bat izan dezake. Bai, egun berean ikusi bainituen Game of Thrones-en azken kapitulua, eta Txoministak-en kapitulu guztiak. Telesailgintzaren unibertsoan mutur banatan egon litezke itxura batean, baina, hara non, Kontxako estropadak batzen dituen.

Batetik, Aquarim inguruan beti izaten delako, estropadaz baino, spoilerrak –pronostiko propioak, alegia– ahots goraz eginez gozatzen duen zalerik. Noski, nolabait demostratu beharra dago, egun eta leku horretara bat ez dela kasualitatez iritsi, lehorreko-domingero-probintziano-ezjakinak bezala. Bestetik, Kontxako kanporaketan tradizio bilakatu da, jada, sailkapena hasterako sailkatuta dagoen talde horren kamixetak nonahi ikustea, donostiar arraun zaleen eszisioak eszisio.

 

Egiazki, Kontxak zazpi erreinuek baino fikzio gehiagorako ematen du, baina, atzokoa kapitulu bat errepikatuta ikustearen parekoa izan zen. Iazko traineru berberak gizonezkoetan, eta faboritoak faboritoago emakumeetan. Eskerrak, Mecoseko galiziarrak Lannisterrarena egitera ausartu ziren: espero gabeko erasoa.

 

Igandean estreinatuko dute kapitulu berria, eta bakoitzak ikusiko du, spoilerrak irakurrita joan edo ez. Arraun ikuskizunak, etorkizun bakarra du: 8ak 1.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!