Ikasleak ikasgela berrira nola, hala iristen dira arraun taldeak, denboraldiko lehen estropadara: kideak zein puntutan dauden arretaz behatu; iaztik hona zenbat zailduko ote ziren kalkulatu; presarik gabe baina gogoz ekin; egunean eguneko etxeko lanak egiten saiatu,... Bai, hasiera guztiek dute puntu utopiko bat.
Tartean izaten baitira kontrol eta proba txikiak, etxeko lanetan behar adina denbora aritu ote garen ikusteko. Baita kontrolekiko desadostasunak ere, zalantzazko eremuek eta nola-hala jarritako balizek eraginda. Eta, nola ez: izaten dira zuzentzaileekiko haserreak ere, ezer ez baita berdin ikusten traineru barrutik, edo katamaran arautzailetik.
Eskerrak olatuek bizia ematen dioten horri guztiari, errutinaren moldeetan errazegi eror litekeen kirolari. Eskerrak, zenbait olatu joanekoak bezain etorrikoak diren; adrenalinak bizitzan zentzuren bat baduela gogorarazten digute. Galdetu, bestela, joan den igandekoaz, oriotar zein hondarribiarrei: bizi-itxaropena jaitsi zien askori, estropadako tentsioak.
Ordea, badira erritmo eta kadentzia berberari eusten dioten olatuak, eta eskerrak horiei ere, ikuskizunak bizitzan zentzuren bat baduela gogorarazteagatik. Galdetu, bestela, San Joango batelerei: 2014tik 2017ra bitarte, Euskotren ligako erreginak izan dira, itsasoaren urdinari arrosa oparituz.
Eta horrela iristen da egutegia, olatuz olatu, azterketa finalera, behin betikora: iraileko azterketara. Gogo txiki zein handiek bat egiten dutenekora; ikasturte kresalduna poz txiki batekin amaitzeko itxaropena pizten duen hitzordu horretara. Zazpi eguneko atzera-kontuan, ontzi-talde-herri-koloreek ez dute beste lelorik buruan, nota igotzen saiatzeko: Aurten (ere) bai!