Zia edo boga: ‘Outsider’ edo ‘mainstream’?

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uztailaren 21a

Gizartearen gehiengoak jarraitzen dionari bizkarra eman, eta bestelako afizio eta zaletasunak garatzen dituzte outsider-ek. Hipster-ekin eta bizar luzeekin eskutik joan liteke joera eta, paradoxen paradoxaz, modan dago, modan ez dagoenari jarraitzea.

Ondo pentsatuz gero, arraunak betetzen ditu kirol outsider-a izateko zenbait irizpide: ez da kirol egunkari handikienetako protagonista; duela zenbait mende, arrantzaleen eguneroko jarduna zen; tosta artekoa eremu geografiko oso zehatz bateko tradizioaren zati da eta, hori gutxi balitz, badu bere-berea den hiztegi eta terminologia zoragarri bat ere.

Arrauna deskribapen horretara mugatuko balitz, tesi eta historia liburuetarako ikergaia baino ez litzateke. Zorionez, ordea, tosta artekoak aspaldi utzi zion bizardunena bakarrik izateari, eta ontzi onenen liga apar gainean dabil, folklore hutsetik harago. Horregatik, akaso, lehen outsider ziren haiei batu zaizkie beste hainbeste moderno, liga paralelo bat sortuz: Kantauriko Adituen Liga.

Hizpidea arrauna denean, denak baitira –edo, baikara– orojakile: aldaketak egitea ahultasunaren seinale dela, edo alderantziz, edo aldaketarik egiten ez duenak beti arraunlari berberak uzten dituela lehorrean. Entrenatzaile horrek besteak baino egokiago ezartzen dituela tosten arteko neurriak, eta beste hark ez duela asmatzen irteeretako potentzialtasun horretan.

Bai, zer lirateke afalondoko eztabaidak, arraunaren inguruko ikuspegi trukerik gabe? Ezer gutxi. Ederra litzateke, ordea, urtea udari begira pasatzen dutenei lanean uztea. Presiorik gabe; titular sensazionalistarik gabe; albistea azpimarratuz, albistea idatzi duen kazetariaren izen eta iritziaren gainetik; afalondoan, Eusko Label bezain Eusko Tren kontuan hartuz.

Susmoa dut, tokiko kirol izatearen konplexuaz-edo, arrauna kirol handiki eta menperatzaileen soinekoz jantzi nahi dutela aspaldion; outsider izateari utzi, mainstream izateko. Susmo eta burutazio bat baino ez da, baina, txoko honek orojakile plantak egiten uzten didanez, balio beza zutabeak, zuen hurrengo afalondo arraunzalerako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!