[Zia edo Boga] Errutinak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 13a, 13:40

Badira esanahi bat baino gehiago dituzten hitzak. Hizkuntzen aberastasuna izan liteke, edo hiztunen moral bikoitza, auskalo. Baina tresnarik onena dira norbere kontraesanetan igerian hasteko.

Begiratu, bestela, errutinari. Errutina ona omen da: eguneko 24 orduak antolatu; gutxieneko diziplina baten jabe izan; zorroztasuna mantendu dietarekin; izerdi-ordu guztiak egoki kalkulatu. Oporrek galbidera garamatzatela, alegia.

Ordea, errutina izan omen daiteke hilgarria ere. Hilgarria eta hiltzailea, eraso matxisten errutinari begiratzen badiogu. Hilgarria, lehen bizipoza zena, orain haserrebide bilakatu baldin bazaigu. Edo, hilgarria, udako arraun asteburu guztiak kolore berberez janzten badira.

Halaxe joan baitzen iazko denboraldia, emakume eta gizonen ligetan: errutinaren olatuan, lau koloreren bueltan –salbuespenak salbuespen–. Hasi berria den Eusko Label ligan, badirudi zenbait talde egunerokotasun haren aurka ari direla brankaz, poparean garaipenak errepikatzen ari diren bezala. Euskotren ligara berriz, iritsi berri dira kolore eta haize berriak, sailkapen errepikakorrak puskatu nahian.

Esan gabe doa: lautik bi irabazi dituenarentzat, ez da errutina gozoagorik. Baina, noan moral bikoitzarekin gogoratzera, garaipen gutxi batzuk pilatzeak ez baitu ezertxo ere erabakitzen: hemen, diziplina zorrotzearen jabe dira kolore, talde eta ontzi guztiak. Adi, beraz, errutinen ajeekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!