[Zia edo boga] "Ipurbeltza naiz eta harro nago"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko irailaren 22a

Ni belea eta zu zozoa, edo alderantziz. Bai, zu, larunbatero mundua 90 minutuz geratzeko gai zaren hori. Gizalegeari eutsi nahi izan arren, 22 tantoren bueltan lagunik minenarekin ere sutsuki eztabaidatzen duen hori. 

Kamiseta koloredunetan eta banderatxoetan, zapietan, motxiletan edo biseretan dirutza xahutu duen hori, indarra eta gogoa, kamisetek baino, izerdi saioek ematen dutela jakinda ere.

Eta, bai, zu, irrati txikia poltsikoan sartu gabe etxetik ateratzen ez den hori. Edo VHS aparatuen falta izugarria sumatzen duen hori, huraxe zelako hitzordu berezi-gogoangarri-errepikaezinak grabatzeko eta nahi adina alditan ikusteko metodorik erraz eta ukigarriena. Malenkoniaren ajeak.

Malenkoniarenak eta geografiarenak, bai baitirudi, Lasartetik beherako lurretan deskribapen errenkada hori guztia beteko dutenak futbolzaleak, saskibaloi zaleak edo pilotazaleak bakarrik direla.

Onar dezadan behingoz: denboraldia amaitu den honetan, terapia pixka bat egiteko baliatu nahi izan dut zutabea. Eta, bai, arraunzale sutsuok zomorrotxoak gara askoren begietan, Gipuzkoarik sakonenean. 

Barre txikiekin hasten da dena, iraileko lehen bi asteburuetatik kanpo estropada batera elastiko koloreduna jantzita joan zarelako; tira, umorea arazo askoren ukendua da.

Baina, gero ,terrazako kafea Irango selekzioko gorabeherak errepasatuz hartzen duen horrek, harridura adierazten du es-ta-txa hitza zure hiztegian duzulako, edo 1996ko Kontxan gertatutakoa memorian iltzatu zitzaizulako.

Fitxaketa eta tosta-dantzaren gainetik, kirolzaletasunaren mapak puskatzea izango da denboraldi berrirako nire erronka, kresalak eta inauteriek hauspotutako bihotzak lasai hunki daitezen, traineru soil beti begira. Bitartean, nahiago baduzu, ni belea izan ninteke, eta zu zozoa; baina biok ipurbeltz, eta biok harro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!