Zia edo Boga: 'Ederregia, agian'

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko irailaren 15a

"Euskaldunok ez gara horrelakoak" zioen txio hark, hamazazpigarren Gran Hermanok euskal ikusleen artean %28ko kuota eman zuela ezin sinetsita. Bada, kuota eta egia bat dira, euskaldunok, gainontzeko gizaki guztien moduan, horrelakoak garelako: kuxkuxeroak. Eta, bestela, begira Donostiako moilako arranpari.

Gortina atzetik bezala, arranpatik gauza asko ikusten baitira. Ikusten da Kontxako bandera irabazi berri duen arraunlaria, inoiz amestutako hura lortzeak ematen duen pozaz, bikoteari musu ematen –bide batez, zorionak guzti-guztiei–. Afizio zenbaiten betiereko grina eta beste askoren banderarekiko grina hutsa ere ikusten dira, bai. Eta, hori hala izanda ere, ikusten da estropada horretan sortzen den giroak parekorik ez duela; tostakoak baduela arraun zale ez direnei ere oilo-ipurdia eragiteko ahalmenik. Finean, arranpatik ikusten da –behinola banderari konposatu zioten abestiaren bidetik–, Kontxakoa dela banderetan ederrena.

Ederregia, agian. Ederregia, gizonezkoen sariak emakumezkoena eurotan bikoizten duelako, zortzi traineruri lehiatzen uztea berdintasunaren bandera bilakatu nahi duten bitartean. Ederregia, bandera hirugarrenez jarraian irabazi duen hamalauko arrosari fokua jarri beharrean, zenbait mediok haien gidariari protagonismo osoa eman diotelako. Ederregia, hitzordua Kantauri itsasoko proba izarra izanda ere, lehen kalea inbaditu duten jauntxoen itsasontziak kaleratzeko talenturik ez izateko.

Baina, ulertzekoa da noski, badituzte-eta kezka handiagoak: 1939an jokatutako Kontxako bandera zatar eta inperiala palmares ofizialetik kentzea, kasu. Bide batez esanda, hori ere gortina atzetik eta ahopeka. Eskerrak edertasuna kontu subjektiboa den eta, eskerrak, euskaldunok zinez halakoak garen, arranpatik nahi dugun guztiari begiratzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!