Zia edo Boga: «Estropezu, ur gainean»

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uztailaren 22a

Harri berberarekin bi aldiz estropezu egiten duen izaki bakarra omen da gizona. Esaldi bakarrak argi-itzal dezente ezkutatzen du eta, itzalekin hastea aukeratuko dut, esaerak munduaren erdia egia horretatik kanpo uzten baitu.

Emakumeok, antza, bi aukera ditugu: estropezu bakarrarekin hartu beharreko bideaz jabetzearena edo, beharbada, harri horren bueltan asmatu ezinik ibiltzearena.

Baina, esaera zaharrak hain zahar eta hain esaera baldin badira, egiatik ere asko dutelako izango da. Begiratu, bestela, San Miguel ligari; harriak hankartean izatea maite dutela pentsatu behar. Horrela soilik uler baitaiteke, tosta arteko elitea uretaratzen duen liga batek, 14. denboraldian, traineruek hondoa ia jotzeko moduko eremuak aukeratzen jarraitzea.

Egia da, erlojuaren aurka lehiatzea sendagairik onena bilakatzen da, hiru itsas-miliako ibilbidea ahalik eta denbora laburrenean egitea baino faktore garrantzitsuagoak tartean sartzen direnean; faktoreak, babesleak, harriak.

Jose Luis Kortak berak ere eskaini du kexaren bat erlojuaren aurkakoen aurka; azkenaldian, gehiegi omen dira. Ez naiz ni Ortzaikako mitoaren adoratzaile sutsu horietakoa, baina, Korta hain Korta eta hain mito baldin bada, egiatik ere asko duelako izango da.

Eta, behin batez, mito berriak izango direnen maisu ere izan zelako. Eremu eskasak, kale onak edo baliza madarikatuenak egokituta ere, Mikel Orbañanosek ez baitu estropezu egiteko arrisku txikiena izan, oraindik, aurtengo ligako eremuetan.

Txoixua izendatzaile teknikoa baliatuko lukete, Ortzaikan edo/eta Orion, ontzi berdeak bou urdinari joan den igandean atera zion aldea deskribatzeko. Eta txoixua titular bilakatzen du hainbatek. Bada, igarlelerroburuzaleek ez dezatela urteroko harriarekin estropezu egin: Kontxa Kontxa da eta, han, airean ere bada harririk. Momentuz, beraz, eskari bakarra: 2017an eman iezadazue arrazoiren bat, lerrootan hirugarren urtez, gai berberarekin estropezurik egin ez dezadan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!