Zia edo boga: «Selektibitateak, apostoluei»

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 14a, 13:55

Hamar ziren lehen, eta hamalau orain, selektibitateko puntuak. Norbere etorkizuna bitan banatuko zutela ziruditen horiek; bizitzan Nor izateko, ezinbestean eskuratu beharreko puxtarriak.

Ditxosozko azterketa hamar puntukoa zen garaian ezagutu izanak, dena den, nahikoa tresna eskaintzen dio bati –zorionez– ikusteko, hamalauko selektibitatea ere helduarora doan eskailera baino gehiago, hiru eguneko infernu antzeztua dela.

Ezinbestean, nire iruditeriak zuzenean erlazionatu du hamalau-infernu-antzeztu errenkada arraunarekin; nola bestela. Infernu bilakatzen baitira gure traineru kuttuneko hamalau arraunlarien 20 minutuak, gainontzeko taldeen txandak jai-giroko lehia zaizkigun bitartean. Eta, egiari zor, arraunzalearen erritualek antzerki ukitu nabarmena dutelako, irrati, koaderno eta oihuen eszena horretan.

Tamalez, ordea, ez dira hor amaitzen arraunaren unibertsoko infernu antzeztuak; areago, pentsa liteke Kantauri itsasoa oholtza perfektu bilakatu dela azken aldian. Zer eta, zuzeneko konexioen uheran sartzeko. Zergatik eta, antzina estropada hasieran arerioak urduri jartzeko estrategia izan zitekeena, pantailetako iragarleen agindua delako orain, epaileen bandera zuri-gorrien gainetik. Zertarako eta, zuzentasun politikoaren gidoia jarraitu, eta, beste urtebetez, Euskotren ligaren pasartea lau ontzik bakarrik interpretatzeko. Jakina, igande goizetako parrilan norbaitek utzi behar tartea, meza nagusi, sega txapelketa eta gainerakoei.

«Kritika besterik ez» bururatuko zitzaion zenbaiti, eta inork ez du iritziak lapurtzeko eskumenik. Baina, antza, zuzeneko konexioetan ikusitakoa paperean marrazten duten medioek, gure belaunaldikook selektibitateko hamar puntu haiei bezalaxe begiratzen diote Emakumezkoen Traineru Ligari: pisua kenduz.

Hamabi ziren beti, eta hamalau gero, Jorge Oteizaren Arantzazuko apostoluak. Urtetan Oñatitik santutegirako bide bazterrean botata egon zirenak. Artistaren herrikideek arraunlariekin parekatu nahi izan zituztenak. Jenioaren antzera, hutsuneetatik artea –eta ikuskizuna– sortzen jarraitzea izan dadila, zortzikoa beharko lukeen lauko ligaren gogo bakarra, antzeztutako infernu txiki horiek guztiak ahaztuta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!