Egiazki, ez baitaude elkarrengandik hain urrun, TKEren liga eta munduko jairik onenak omen direnak. Riau-riau eta boga-boga, ikurrina eta banderak, ardo gorri nafarra eta San Miguel garagardo ekoizlearen xanpaina. Festaren aparra, jendetzaren olatuan; hiztegiak ere ezkontzen ditu.
Hiztegiak eta gertakariek. Ernest Hemingwayk entzierroan korrika egitea nazioarteko folklorearen Meka bilakatu zuen bide beretik, Francoren NODOak heroien kategoriara goratu nahi izan baitzituen euskal arraunlariak.
Historia liburuetako kontuak dira, bai, baina zer litzateke bizitza, déjà vurik gabe... Barack Obamak ia zapaldu ditu Iruñeko karrikak, eta Movistar + telebista katea 2016ko traineru norgehiagoka bere pantailetara eramateko zorian izan da, estropadak baino, regatak kirol-heroien kategoriara goratzeko.
Zorionez, ordea, déjà vuekin batera, bada tosta artekoa eta jota artekoa lotzen duen beste hitzik: aldaketa. El Tuli izango da, akaso, aldaketa horren lekuko zuzenetako bat, udaletxe iruindarreko balkoiari ederki kosta baitzaio sanferminen harrobiaren ordezkariren bat hartzea; traineruen lehiari bezalaxe. Iaz berde-arrosek irekitako uhera zabaltzen ari da, dena den, eta arraunkera lasaiaz baina etenik gabe, luze-luze datoz, lehen postuen balkoietara, arraunaren historia liburuak hartu izan dituzten koloreak; harrobiarenak. Egia da, atzo ikurrinaren makila bezalaxe daudela ligako bandera gehienen makilak ere: hutsik. Bederatzi egunotako riau-riauaren errepika bakoitza izan dadila palada bat, arraun ikuskizunaren alde.