Baina asteburuak buruz gain pasatzen dio pilota esan horri; gautxorien kondena, Glaukomak ederki abestu zuen moduan. «TKE ligako lehen estropadak ez du ezertarako balio» ere hamaika bider entzun izan dugu, baina, nago, traolen beharrik gabe, Sevillako estropadak ere tanto ederra egin diela gizonezkoen zenbait ontziri.
Egin gabeko pronostikoek berretsi dute, egiteko arrazoirik ez zegoela, eta Ama Guadalupekoa ederki moldatu da, aspaldi hartutako olatu gain horretan. Hori bai, asteburuak luze joango zaizkigu zaleoi, gainontzeko traineruak apar horretatik zertxobait edaten ez badute. Eta kolore urdinak izan lezake ligan saltsa jartzeko gakoa. Urdaibairenak? Hori esan gabe doa.
Astilleroz ari nintzen. Zalantzarik gabe, joan den igandeko sorpresa, eta ez laugarren postua –askok beso zabalik hartuko genukeen hori– eskuratu zuelako. Bakarrik. Ziabogetako kronoei erreparatuta, Hondarribiak azken maniobran soilik lortu zuelako kantabriarrak gainditzea. Etxean dira hurrengo hitzorduan, eta adi.
Ustez adi nintzen, bai, igande eguerdiz arraunzale ofizialaren erritualei eutsi eta denboraldia tosta artekoari begira hasteko. Astearte iluntzeko esaldiari neronek egin nion, ordea, tantoa, eta emakumezkoan Gipuzkoako ligako emaitzak twitterren ikustea izan zen, gautxoriaren zoriona. Hemen ere, idatzi gabeko pronostiko arrosak irabazle, baina horien arnasa lepoan dutela.
«Hau hasi besterik ez da egin» pentsatu nahi du askok, baina, horixe: hasi da festa, hasi da xake partida, eta batzuen estatxa matetik askoz ere gertuago dago jada.