Baina, sartu al liteke tostako arrauna souvenirren zaku berean? Igandeko hitzorduari arreta gehiegirik gabe erreparatuta ere, erantzun liteke galdera: bai, noski. Ez baita kasualitatea, San Miguel ligako lehen estropada Guadalquivir ibaiko ur zabaletan jokatzea. Euskal Herria eta Sevilla, aupa eta olé, zu iparraldera eta ni hegoaldera, han behean ederki bizi dira-eta.
Egia da, ez da nobedadea TKEko zuzendaritzak eta agintari politikoen sustapen asmoek bat egin izana, palada arteko lehia promoziorako baliatuz. Arraunari souvenir kutsua emanez, akaso; kirola baino, folklorea salduz, beharbada. Ez baita praktikotasunaren eredu, gutxien-gutxienez 168 kirolarik 900 kilometro egin behar izatea, hilabetetan zaildutako entrenamenduak uretaratzeko.
Dena ez da kritika izango, ordea, eta liga Andaluzia aldean ekiteak tostako arrauna eliteko kirol gisa ezagutarazteko bideak zabal ditzake, jakina. Antza denez, ordea, emakumeek oraindik ez dute nahikoa meritu bildu aupa neskak entzuteaz gain, olé chicas entzun ahal izateko; lehengo lepotik burua.
Aitortzen dut, tostako denboraldiaren prebia batek pronostikotik gehiago beharko lukeela izan akaso, baina, ligako ontzi zenbaitek ere lehengo lepotik burua, eta berdez eta urdinez datoz egunkarietako lerro-buruak. Iraileko balantzeetan balkoi eta leihoetako bandera kopuruak eraginik izango balu zoriontsu nintzateke zinez, baina, nago, horrek ere askotxo duela folkloretik. Aupa bezain ongietorriak izango dira, beraz, olé dioten animoak.