"Beti geratuko zaigu Paris"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko irailaren 24a

Haurrek paper polita duten gozokiak maite dituzte, koloretsuak eta alaiak. Eta, hara hor, bizitzaren krudela dosi txikian ezagutzeko lehen aukera, azal politenak ez baitu beti mamirik gozoena izaten; edo bai.

Zinemaldia gozoki bat balitz, haur guztiek dastatu nahiko lukete, kamera, flash, soineko eta alfonbra gorria bailirateke paper erakargarriena. Arraunak, mendeetako tradizioan, ez du alfonbra gorririk zapaldu oraino, arrapalez eta moilez gain. Baina glamour-ak bere-bereak dituen txutxu-mutxuen festan, paperik ederrenetakoa du tostaz tostako karameluak.

Egiazki, gozoki hori haurrek baino nahiago dute zenbait kazetarik, eta arraun olinpiadaren ondorengo ur –ustez– bareak baliatuz, azukrez blai egin dira, litxarreriaren azal zein mami gozoa dastatuz. Hura badoala eta beste hura etorriko dela; beste honek taldea utzi nahi duela baina ez dakiela zer egingo duen, eta ezin duela izenik esan; hau, berriz, ez dutela onartzen eta kaleratu egingo dutela. Eta denok begira, bizitzaren krudela. Liga biribiltzeko azken bi estropaden bandera zuria igo ere egin gabe, esamesen estropadari bandera gorria jaitsi.

Eta jaitsi dira patroi batzuk, beste batzuk igotzeko, ligako patroien sailkapen xelebre horretan. Hastapenetan, soinu gehiegirik atera gabe aurrera egiten zuen lehia, baina jada gainerako gozokien parean jarri dena, iritzi eta esamesak piztuz: puntuak ez dituztela egoki banatzen, iritziak subjektiboak direla, saria ez dela bidezkoa.

Gozoki hori gehiago mikaztu genezake, ordea, pare bat zalantzarekin. Airera botatzeko moduko galdera baita, patroiak arraunlarien gainetik saritzeko ideia horren zergatia; taldeko kirolen zerrendan eredugarria zen, gaurdaino, arrauna. Eta galderen tandema osatzeko, airera ozen jaurtitzeko modukoa da bestea ere, emakumezkoen ligako patroiei saririk ez ematearen arrazoia ezagutu nahi duena.

Moiletatik bulegoetaraino iristen dira orain, alfonbra gorriak, eta hilabete baino ez dute, datorren denboraldian karamelu mikatz ala gozo izan nahi duten erabakitzeko, eta paper polit ala arruntez jantziko diren ikusteko. Itxarotea besterik ez da geratzen, beraz, eta, bitartean, "beti geratuko zaigu Paris".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!