Tolosan, inauteriek antolatzen dute askoren urtea; gauzak inauterien aurretik edo ondoren gertatzen dira. Gauzak, eta tristurak eta pozak. Eta koloreen festa batetik beste batera jauzi eginez, sentipen bertsuak sortzen dituzte estropadek; edo estropadak. Egutegiak nahi duena esanda ere, Kontxak arraunlari eta arraunzalearen urtea antolatzen duelako. Gauzak Kontxa aurretik edo ondoren gertatzen dira. Tristurak eta pozak, hemen ere, ikaragarrizkoak.
Aurten amaitu da estropada santua, batzuoi hizketagai bakar bilakatu zaiguna. Eta, udari oraindik egutegiko laukitxo zenbait geratzen zaizkion arren, Kontxa amaitzea eta udazkena iristea bat izaten dira, nostalgiaren nostalgiaz.
Estropuak askatu eta hostoak erori. Hostoak erori, eta itxuraldatu, arraunlari askoren kamisetak bezala. Udazken koloretan, marroia, laranja, gorria edo horia.
Berak urdin-marroia defendatu izan zuen, eta gorria azken urteotan. Nik, ordea, udazken-kolore horietatik zein aukeratuko nukeen esan beharrik ere ez dago. Azken boladako telebista-topikoetatik ihes eginez, gainera, erlijio horiari errezu egin izan diot beti, euskaldun on bezala "kuadrilla ala hil" oihukatu beharrean.
Baina arrauna kolore batetik besterako txaloek ere egiten dute eta, are gehiago, emakumezkoen euskal arraunean historia idatzi zuen talde hartako kide batez ari bagara. 2013an ere, gauzak Kontxa aurretik eta ondoren gertatu zirelako, eta Ioana Alijostesek pozak gehiago izan zituelako, tristurak baino.
Udazkenaren atarian, estropua behin betiko askatu eta kolorerik gabe geratuko da, baina ez urtarorik gabe; alderantziz, nago lau urtaroez sekula baino gehiago gozatuko duela orain. Zutabetxo hau izan dadila, beraz, horitik urdin-marroi-gorrirako azken txalo zaparrada.