Chanelen tostak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 10a, 12:17

Coco Chanel izan omen zen zuria eta beltza elegantziaren sinbolo bilakatu zituen emakumea; bi koloreak elkarrekin erabiltzen zituen, baina sekula ez nahastu, grisaren alde.

Goi-joskintzak eta arraunak, itxuraz, bi mundu desberdinetako kontuak diruditen arren, Gipuzkoako kostaldeko herri txiki batean halakoxeak ziren arraun-asteburuak, duela zenbait urte: ez zegoen grisik.

Edo bandera edo ezer ez, huraxe zen oriotarren errutina. Benito Lertxundi herrikideak berak kantatu zuen bezala, ordea, 'denborak aldatzen dira, denborak aldatzen doaz, denboragileak ari dira denbora berria prestatzen'. Eta arraunari prestaturiko denbora berriek grisera ohitu beharra ekarri zieten mirotzei, hamarkadatan eskuraturiko loriak gehiago estimatuz.

Kontxako bigarren jardunaldiaren atarian, itxaropen handiegirik gabe dira horiak, beste urtebetez. 2007. urteko garaipena da gogoan duten azkena, eta luze egiten ari zaie bandera berri baten astintzea ikusteko denbora. Egia da, 31 zenbaki potoloa da Kontxako banderen bildumaz ari garenean. Eta zenbaki hori da, besteak beste, oriotar izatearen zamaren errudun.

Bai baitirudi, grisera ohitu nahi ez dutenak gainontzeko taldeetako zaleak direla: garaipena ez beste edozein postu porrot izugarri bilakatzen da, traineru horiarentzat, hainbaten ahotan. Portaletasen ere, diru-mugimenduetarako aitzakia izaten da mirotzen ontzia. 31 bandera eta 80 parte-hartze, eta zama berriro.

Zenbaki guztiak ez dira pisutsu izango, ordea, eta ijitoek 50a dute, aurten, ospakizunetarako aitzakia. Mende erdia bete du taldeak eta, denboraldi hau hurrengoari itxaropenez begiratzeko balkoia izango denez, lerrook kresal horiaz zipriztintzeko aitzakia eder bilakatu zait urtemugarena.

Coco Chanel-en elegantziaz igandeko irabazleak txalotzea baino ez da geratzen horiz jantzitako zaleentzat, eta denboragileek prestatuko dituzten denbora berriak beren aldera lerratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!