Zia edo boga... "Errenkadak"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 3a, 10:55

Inork gutxik begiratzen du egutegia oporretan. Errutinara bueltatzeko atzera-kontuan, herri kirola da ostrukarena egitea. Eta, kirola aipatuz, arrauna izango da, akaso, udan egutegiari begiratzeko aitzakiak ematen dituen jardun bakarretakoa.

Egiazki, estropaden astebururoko dantza bera errutina bilaka daiteke askorentzat; hilabeteen joanak merezi du, dena den, egutegian puntu gorri erraldoi bat duen hitzordurako. Hitzorduetan hitzorduenerako; gogo bakarrean hiru egun eta dozenaka traineru biltzen dituen horretarako. Kontxako Banderarako.

Traineru errenkadak irtengo dira, gaur, badiako uretan aritzeko. Ez, noski, guztiek sailkatzeko esperantza izango dutelako: Kontxako sailkapena arraunlari nahiz arraunzaleentzat, haurrentzat Olentzero etorri aurreko gauaren antzekoa delako baizik. Aho batez hala iritzita, denboraldiko egunik politena, banderarik preziatuena, paisaiarik ederrena. Arraunaren olinpiada. Eta olinpiadaren atarian, balorazio eta pronostikoak ere errenkadetan iristen dira.

Marea biziekin ekindako izarren denboraldiari, izarren mailatik urrun dauden eremuak nabarmendu genizkion akats moduan eta, egiari zor, ez du 2015eko TKEk kritika hori erretiratzeko arrazoirik eman. Alde bateko herrena beste alde bateko osotasunaz bete du, ordea, ligak. Ikuskizunik ez da falta izan, eta, koloreei begira, podium perfektua osatu dute ia jardunaldi gehienek: horia eta urdina azpiko harmailetan, harmail goreneko berdea osatzeko. Izan ere, kale, baliza eta denboraleen gainetik, marea bizi-bizien abiadan ibili dena talde bakarra izan da, Bidasoa inguruko zaleen gozamenerako. Ama Guadalupekoak ligako historia idatzi du aurten, inurrien lana aldarri bilakatuz. Sei garaipen jarraian eta 11 bandera eskuan. Orain arte sekula entzun gabeko zifrak, urteak uretan daramatzan talde zailduarekin. Hortxe sekretuaren ertzetako bat.

Ertzetatik puntetara, punta ateratzeko kontu bat gehiago. Badelako garaia, ziaboga eta paladen aitzakian lerroburu eta azalak beste askok baino gutxiagotan hartzen dituzten horiek goratzeko. Hamarkada pasatxo darama, harrobiko gazteei tostak eskaini eta kolore baten zaleei espero dutena noizbait emateko gogoz, lanean. Ligako aurrekontu altuenetakoekin, beharbada, baina, Kantauriko Barça eta Real Madrilen aldean, aho askoren artean banatu beharreko pastelarekin. Zalantzarik ez da: pastel horren errezeta askok ezagutu nahiko lukete. Baina badirudi zenbaitek Mikel Orbañanosi arrauneko izen handien atea zabaltzeko giltzarik ez diotela eman nahi. Giltzarik ezean, har dezala langile isilaren lana txalotu nahi duten zale guztien txapela.

Txapela baino, bandera nahiago izango du, hilaren 13an, Orbañanos oriotarrak. Azken bi hilabeteei begiratuz gero, lan erraza dirudi Hondarribiaren alde dirua jokatzeak, baina, ezin ahaztu kupoak eta mugak; Kontxako araudi propioa ere fitxaketen zerbitzura dagoela dirudi, Portaletaseko apustuak kolorez aldatuz.

Diruak ordaintzen ez duenik ere bada ligan, kolore berdea utzi gabe. Meira talde galiziarrarentzat ziur aurtengoa kalbario txiki bat izan dela, uretan lehenak sartu eta beti azken postuan irteteko. Inurrien lana eurena ere, miresteko kemenaz.

Egutegiari inork gutxik begiratzen dio oporretan, eta eskerrak hala den, arraunak eman duena errepasatzea ez baita di-da bateko kontua. Meirako Samertolameu kementsu ikusi dute arraunzalearen begiek eta, emakumezkoen Euskotren ligari betaurreko berberekin begiratzea izan da askoren itxaropen. Arau eta mugetatik irten gabe, segundo bakarrean hazten den olatu-aparraren pareko bilakatzen ari da nesken tostaz tostakoa.

Oraindik ere denborak pasatu beharko du dirua biderkatzen aditu diren horiek emakumezkoen arraunera hurbiltzeko, eta eskerrak eman beharko ditugu agian, horrek arraunari berezko bidea egiten utziko diolakoan. Sanjuandarrek bigarrenez egin dute, aurten, paperetan idatzirik geratuko den palmareserako bidea eta, garai batean gizonezkoekin gertatu bezala, emakumezkoen lehian ere begi bistakoa da traineru gipuzkoarren nagusitasuna.

Balio beza baieztapen horrek, datozen bi igandeetako pronostiko eta ametsen errenkadarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!