‘Iraila' jartzen du helmugako balizan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko uztailaren 30a

Llaüt-en herrialdetik traineru estropadak jarraitzeko, Twitterra eta Whatsappa zubigile onenak dira: kale hau egokitu zaiela gureei, neskak sekulako ikuskizuna eskaintzen ari direla, erlojuaren aurkakoak grazia kentzen diola norgehiagokari,... Egiazki, ordea, beti izan da zubi ikusezin bat Kantauri eta Mediterraneoaren artean.

Banderen kontua izan liteke. Horia eta gorria da eurena, llaüt-ean aritzen direnena; izar batek apaintzen du batzuena, eta urdina ere izan lezake, norbere ideia eta nortasunaren kapritxora.

Kantauri aldean, berriz, itsasoaren biziari jarraitu nahian-edo, kolore festa zabalagoa da. Urdina oihal zuriaren gainean, izar gorri batekin sarri,eta izarrik gabe askotan. Txuri eta gorriaren arteko tandemik ere bada, eta, noski, gorri-berde-zuria haizeratzen dituen trapua ere bai.

Eta, nola diren gauzak. Kolore bat edo beste aukeratzea ia delitu den honetan, tostaz tostakoak lehia irabazten dio, oraindik ere, ideologiari. Indar erakarle handiagoa du, llaüt eta traineruetako tostetan doazen arraunlari guztiak - zein haien zaleak-, bandera bakar baten itzalpean zintzo demonio edukitzeko.

Bai, bandera hori. Koloreen deskribapenetan sartzeko beharrik ez duen hori. Eskuan hartzeak arraunaren historian Nor izatea ahalbidetzen duen hori. Koroa pisutsurik behar ez duen oihal hori.
Ligaren ekuadorrera heldu dira ontziak eta, dirudienez, ez da nahikoa izango ziabogarik ederrena ematen asmatzea. ‘Iraila' jartzen du helmugako balizan, eta poparean maisu izan beharko dute, llaüt zein traineruek, trapu garestienaren gerizpera hurbiltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!