Zale ateoak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko uztailaren 23a

Arrauna urte osoan jarraitzen ez dutenek ere ezagutzen dute eta, bizkarrean daramatzan luze, entrenamendu, hogeiko, ziaboga nahiz esperientzia gutxietsi gabe, badirudi arraunlari eta arraunzaleen Biblia idazten duela, adierazpen bat egiten duenero. «Tour-a amaitzen denean hasten dira, traineruak, maila ona ematen; hori da normalena».

Nondik begiratzen den. Asko baitira, ligako lehen estropadako estatxa askatu eta palada bat eman zutenez geroztik, maila gorenetik jaitsi ez direnak; arrauna urte osoan jarraitzen ez dutenek ere badakite hori.

Kazetarien galdera deserosoei erantzun egin behar, ordea; lanaren eta izenaren ajeak. Eta, zer diren kontuak, Frantzia goitik behera zeharkatzen duen txirrindulari lasterketa amaitzeko astebete falta dela eman du maila ona, traineru batek; bere traineruak. Inoren doktrinetara indartsuegi eutsi behar ez denaren seinale.

Bada adoktrinazio premia duenik, dena den. Joan den ostegunean Donostiako uretan gertatutakoak arraunaren Biblia santu horretatik kanpo behar luke, idazten duenak idazten duela. Balizan soka, soka balizan, sokarik ez balitz izan… Nola ez, arraunaren eta istiluen arteko maitasun betierekoa.

Eta, abuztu sargoriaren ateak zabaltzera doazen honetan, betiereko diruditenak traineru gorri eta berdea dira, ligako lehen postuetan; beren tostetarako doktrinarik onena lantzen, askok esku artean nahiko luketen Biblia jarraitzen. Contadorrek Froomeri kamiseta horia kentzea bezain sinesgaitza ote, aurtengo estropaden argazkia kolorez aldatzea? Biblia utzi eta ateo egingo lirateke hainbat zale, hori hala izateagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!