Sortuko dira hamalau

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko uztailaren 19a

Kostaldetik 20 minutura, Tolosaldea leku pribilegiatua da hiritarren estresari turismoa saltzeko: neguan eta udaberrian mendia pauso batera eta, udan, N-1eko joan-etorri laburrak oasirako zubi. Errepideez harago, ordea, eskualde honek aspaldikoa du kresaldun herriekiko zubia; kimika berezi bat, beharbada, edo gure herriaren txikitasunaren fruitu, agian.

Kimika dela edo fisika izan litekeela, ontzien arteko lehiak ubera zabala sortu du, azken hamarkadan, eskualdean. 33 arraunlari ariko dira, denboraldi honetan, tostaz tostako borrokan, liga gorenetan zein meritu goreneko liga baxuagoetan. Gizon-emakume horiek guztiek jada abiada hartu duen San Miguel liga, hasi berri den Euskotren liga, Gipuzkoako Liga nahiz lehenengo eta bigarren KAE ligak izango dituzte ia kezka bakar, datozen asteetan. 

33 arraunlari eta bospasei entrenamendu astean. Aldatu ez badute, behintzat, lau asteren bueltan ibiltzen dira hilabeteak eta, biderketa taulari begiratuz gero, 792 entrenamendu osatzen dituzte hilabete bakarrean. Ahaztu gabe, noski, arrauna ez dela soilik ETB1eko larunbat arratsalde eta igande eguerdiak betetzeko sortutako ikuskizuna: azaroan hasten da arraunlarien denboraldia, eta iraila erdialdera arte ez du etenik. 

Eta 792 entrenamendu horiek biderka genitzake, eta baita entrenamenduetara joateko kilometroak gehitu ere, are zenbaki altu eta deigarriago bat sortzeko. Baina, paradoxei dei eginez, zenbakiak ahalik eta gehien murriztea izaten da arraunlariaren lana: entrenamendu gehiago, segundo gutxiago lortzeko; palada gehiago, lau luzeak ahalik eta palada gutxienetan osatzeko. 

N-1ak ematen duen distantziatik lehorreko paladek lau ziruditen, eta badirudi gerturatu eta hamalau direla, gutxienez. Zaletasunak sortu du harrobia, eta harrobiak puztu zaletasuna. Zenbakien dantzarekin jarraituz, beraz, sortuko dira beste hamalau ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!