Zia edo boga... "Xake partidak uretan"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko uztailaren 16a

Aspaldi kutsatu zen arrauna kirol handikien ezaugarri makurrenez. Arraunkera hobetzen baino, dirua biderkatzen aditu direnek etorkizuna ikusi zuten, nonbait, aspaldiko arrantzaleena zen jardunean, eta inbertsioek hartu zuten estropada guztien lema.

Eta ez lema bakarrik: arrauna ikusi eta ulertzeko modu berri bat ere bai, fitxaketa-izarren zerbitzura. Baina, arraunak, irabazi baino, ez ote zuen txanda hura galdu? Kafearen antzera, express tripulazioek eremu guztietako markak hautsi zituzten, eta afizioak ere ezerezetik sortu ziren zenbait tokitan. Baina, etxea, akaso, teilatutik eraikiaz ekin zioten lanari, bospasei urterako diseinatutako Ferrariak ahanzturan baitira gaur.

Arraun liga luze joango da oraindik, baina nago, pixkana, harrobia xake partida irabazten ari zaiola fitxaketari, azken asteburuan gipuzkoar nahiz galiziarren lan bikainari begiratuta.

Baina kutsadura ez da hor amaitzen; arrauna ere baztertzailea da emakumeekin, eta garaia da esateko. Euskotren Liga sortzea bera garaipen txiki bat izan zen negu, udaberri eta udako lan hori saritu eta emakumezkoen arrauna olatu gainera bultzatzeko. Lau ontziren muga jarri zuten, ordea, hasieratik: «Ligako mailak ezin du desorekatuegia izan, eta maila gorena mantentzeko lau ontzik jokatuko dute».

Xake-mate. Azalpen elegante eta zentzuzkoa. Itxuraz. Izan ere, eta inor iraindu nahi izan gabe, ez al dira, astebururo-astebururo, ia minutua galtzen duten traineruak gizonezkoen ligan? Bai.

Partida amaitu eta berriro noiz hasiko zain geratu behar, pieza guztiak mugitu eta harrobiaren errege-erreginek irabaz dezaten. Bitartean, bejondeiola arraunari, joan den asteburuan eskainitako ikuskizunagatik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!