Esaidazu, nire ilargi maitea...

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 8a, 11:38

Biziak, marea biziak. Ilargiak itsasoko uraren maila sekula baino altuago jartzeko indarra duenekoak; edo sekula baino baxuago, San Miguel ligako traineru batzuk bezala. Inoiz baino beherago, batzuk, eta, olatuaren aparretan, inoiz baino gorago, beste batzuk.

Aurredenboraldia izan ohi da arraunzaleen erreferentzia, eta txutxumutxuek indar berezia duten mundu honetan, erreferentzia horiek lausoak dira gaur egun: traineruari erabateko lana eskaintzen diote talde batzuk, eta aulki mugikorra tostako arraunarekin uztartzen dute beste askok.

Kontuak kontu, Kantauritik urruti, Malagako lehen jardunaldiak pilotaleku bat zekarren gogora: Irujo eta Aimar ziren Hondarribia eta Urdaibai, gainerakoak baino koska bat gorago, ustez, pronostikoen iragarle. Iparraldeko itsaso biziek, ordea, nor bere lekuan jartzen omen dute, eta espero gabeko lekuak egokitu zaizkie zenbait ontziri joan den asteburuan.

Baina, zein da, egiazki, hamabi traineru horiei zerrendan dagokien lekua? Bederatzigarren postua lortu zuen, larunbatean, Bermeoko Bou Bizkaiak. Oriok eta Kaikuk, berriz, seigarren eta zortzigarren postuak hartu zituzten, hurrenez, hurren, haien artean hamar segundoko aldearekin. San Pedrok larunbatean kasualitatezkoa edo korrontezkoa zirudien lan ona berretsi zuen igandean. Baina ilargia berde zen, berriro ere, edo berdeak egin ziren haren indarraren jabe.

Igandeko estropadaren zain egon gabe, urteroko haserrea berpiztu zen zale askoren barruan: eliteko arraun liga batek eliteko estropada eremuak behar ditu. Noski, eliteko eremuen gainean ilargiak ere badu indarrik, baina laster iritsiko dira Ibaizabaleko ur grisetan jokatu beharreko jardunaldiak; erlojuaren aurka batzuk, eta kale koloredunen arteko lehian, beste batzuk. Hogeiko indartsuenak jota ere, emaitzak garestitzen dituzten korronteen menpe. Badirudi TKEren bulegoetan badirela aspaldi konpondu beharreko toletak.

Oraingoz, marea biziak izan edo Andaluziako olio-zoparen gainean arraun egin, argi dago Bidasoako haizea – eta beste leku guztietakoa– alde dutela Mikel Orbañanosen mutilek, brankaz nahiz poparean. Ikusi egin behar astez asteko lehiaren estatxari tinko eusten dioten, hala ilargiak bestelako kolorez ere jantzi nahi ote duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!