Adunarako azken igoera, Rodriguezekin batera egin zuen.
Gsport taldeko Vicente Garcia de Mateos txirrindulariak eskuratu du Aiztondo Klasikoaren hamargarren lasterketako garaipena, ibilbidea 3 ordu eta 36 minututan amaituta. Igandean jokatu zuten klasikoa, eta 144 kilometroko ibilbidean barrena, milaka ikuslek eman zizkieten animoak kirolariei, bai lasterketan zehar, bai eta Zizurkilgo helmugan ere.
Tropeletik ihes eginda, bederatzi txirrindularik aurrea hartua zieten gainerakoei: Lechuga, Miguel Benito, Diego Rubio, Ibai Davoz, Julen Mitxelena, Javier Sarda, Antton Ibarguren, Alberto Gallego eta Vicente Garcia de Mateos bera zeuden ihes egindako tropeltxoan.
Adunara azken aldiz igotzeko unea iritsi zenean, ordea, Bicicletas Rodriguez txirrindulari taldeko Alberto Rodriguezek hautsi zuen lasterketa, tropeltxotik ihes eginez. Garcia de Mateos irabazleak, ordea, eutsi egin zion Rodriguezen erritmoari, eta biek hartu zuten lasterketa burua. Aipatzekoa da, hasieratik erritmo biziko lasterketa izan zela X. Aiztondo Klasikoa, eta ihesaldiak protagonista izan zirela 144 kilometroetan barrena. Horren adibide dira, txirrindulariek egindako hainbat erasoaldi; besteak beste, lehen kilometroetan Peio Olaberria, Victor Gil, Diego Tirilonte, Sebastian Mora, Peio Goikoetxea, Medina eta Txoperenak burututakoa.
Eskarmentudun amateurra
Hamaika lasterketatan zaildutako txirrindularia da Garcia de Mateos, 24 urte dituen arren. Besteak beste, Caja Rural, Froiz, TransEnvalira eta Gsport txirrindulari taldeetako kide izan da azken urteotan.
X. Aiztondo Klasikoa
Sailkapen orokorra
1. Vicente Garcia de Mateos. (3:36:46)
2. Alberto Gallego. (+0:04)
3. Julen Mitxelena. (+1:06)
4. Miguel Benito. (+1:07)
5. Diego Rubio. (+ 1:07)
6. Antton Ibarguren. (+1:07)
7. Pablo Lechuga. (+1:11)
8. Borja Abasolo. (+1:22)
9. Antonio Pedrero. (+ 1:24)
10. Javier Sarda. (+ 2:07)
Loic Chetout baionarra nagusitu da Lizartzako Insalus sarian
Lehendakari Txapelketako lehen postua sendotu du Chetout-ek.
- Esprintean amaitu du lasterketa, eta Lehendakari Txapelketako lehen postua sendotu du.
Lehendakari Txapelketako bigarren lasterketa izan zen larunbatekoa, eta joan den astean ere Chetout bera izan zen garaile, lehen jardunaldian.
Horrela, beraz, lehen postua sendotu du Naturgas Energia taldeko txirrindulari lapurtarrak. Aipatzekoa da, Baque txirrindulari taldeko Antonio Angulo izan zela bigarren helmugako esprintean, eta hirugarren postua, berriz, Caja Ruraleko Jesus Albert Rubiok eskuratu zuela.
Mendiko saria, berriz, Alberto Justerentzat izan zen, hau ere Caja Ruralekoa. Guztira, 120 txirrindulari inguruk parte hartu zuten Lizartzako Insalus Saria lasterketan.