Azken egunak, zezen plazaz proposamenak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 11a, 11:27

Tolosako inauterien antolakuntzan, astelehenera bitarte iradokizunak egin ahal izango dira

Tolosako Udala buru-belarri ari da, datorren otsailaren 7tik 13ra bitarte ospatuko diren inauteriak prestatzen. Festa hauetan ezinbesteko lekua izan ohi da zezen plaza, eta herritar nahiz bisitari guztien segurtasuna bermatze aldera, jaia eta legea uztartzeko proposamenak bildu nahi dituzte udal ordezkariek.

Pasa den abenduaren 27an egindako bileran, Tolosako Udalak legearen arabera bete beharreko neurriak azaldu zizkieten bertaratutako herritarrei, eta horren arabera, iradokizunak egitea ere eskatu zieten; inauteriak herritarrek egindako jaiak direla azpimarratu du udalak, eta herritarren iritzia, beraz, ezinbestekotzat dute auzi honetan.

Horrela, beraz, datorren astelehenera bitarte iritzi, proposamen eta iradokizunak bidali ahal izango zaizkio Tolosako Udalari, zezen plazaren inguruan. Oharrak komunikazioa@tolosakoudala.net helbidera bidali beharko dira. Hainbat tolosarren bidali dute, jada, beren proposamena, eta aipatzekoa da, udala berauek aztertzen ari dela, bai legearen aldetik, eta baita teknikoki ere, bideragarriak izan daitezkeen edo ez jakiteko.

Udalak, jasotako proposamen guztiak kontuan izanda, hartutako erabakiaz hitz egiteko, bilera irekia antolatu du urtarrilaren 15erako; kultur etxean izango da batzarra, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!