Esperimentu bat gehiago izan zitekeen eta, neurri batean, hala izan da, ez baitzen aurrez landutakoa. Baina, zorionez, frogatzeko moduan gara, Finlandiatik ekarritako programa horren aplikazioa eraginkortasun handikoa izan dela, ikastoletan.
Programa horrekin, irakasleek, hezitzaileek, eskola jazarpenaren aurkako lanketa gelaratzen dute. Protagonistak: irakasleak ez ezik, baita ikasleak ere. Noski, ikasle horien artean egongo dira, akaso, biktima edo erasotzaile izan direnak, edo unean bertan izaten ari direnak. Hori da gakoa: lanketa elkarrekin egitea. Mezua bat izatea, eta gai horri ikasgelan ikusgarritasuna ematea. Emaitzak pozgarriak izan dira, azken azterketen arabera, erdira jaitsi baitira jazarpen kasuak, aipaturiko ikastoletan.
Ondorioz, ikastola gehiagok txertatuko dute, erreminta hau, euren egunerokotasunean. Hurrengo hiletik aurrera 64 izango dira KiVa Ikastolak eta, 10.000 ikasle, LHkoak zein DBHkoak, gelan lanketa hau egiten hasiko direnak.
Hezkuntzak lor dezakeena gizarteak lor dezake, komunitate bereko kide baikara. Beraz, hezi ditzagun haurrak bizikidetzaren baitan, errespetuan, babesaren garrantzian, adiskidetasunaren baloreetan. Jarrai dezagun eskutik herriak, gizarteak eta ikastolak; haurren hezkuntza komunitateak, alegia.