Izan zinetelako gara

Erabiltzailearen aurpegia Itxaropena Urkiola 2017ko martxoaren 17a

Duela egun gutxi Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ospakizun eta aldarrikapen ugari egon da. Horien artean bat, hunkigarria zein esanahi eta sentimenduz beterikoa, Sabin Etxean egindakoa izan da.

Emakume abertzaleei egindako omenaldi horretan, gerra garai aurretik hasi eta gerora ere emakume askok egindako esfortzua eta lana omendu ziren.

Emakume haien hitzetan, aberria barrutik egin behar da, ezin da bestela izan. Horregatik, prest ziren gutunazaletan bozkak sartzeko arratsalde osoz, edo mokaduak prestatzeko batzokian, euskara irakasteko leku ezkutuetan, kanpaldiak antolatzeko,... Eta zergatik?

Aberriaren alde egiteko moduak zirelako, herria eraikitzekoak, aurrera joatekoak. Kemena zuten, indarra, ahotsa, eta baita hitza ere. Emakume Abertzale Batza 1922an sortu zen. Bai, talde aldarrikapenak bazuen ahotsik jada, emakumearen ahotsa zuen, eta EAJren barruan sortutako talde lanak Euskal Herrian hasi eta gerra kontuengatik gerora erbestean emakumearen adorea erakutsi zuen.

Sabien Etxean egindako omenaldian 500 emakumetik gora omendu zituzten, joan den larunbatean, eta noski, haien testigantza batzuk entzuteko aukera izan zen. Zirrara sortzen dute haien bizipenek, bihotzeraino sartzen. Ezkutuan ikurriñak nola josten zituzten, euskara irakasteko kopiak nola lortzen zituzten, Aralarko San Migeleko lehen Aberri Egunaren harira izandako bizipenak,… Zorretan gaude.

Aldarrikapen abertzalea eta emakumearen ahotsa baturik, biak bat eginik, zera datorkit burura: Izan zinetelako gara, gora zuek, gora emakume abertzaleak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!